D eredua, "errespetu eta bizikidetzarako zabaldu beharreko atea"

Guaixe 2021ko api. 28a, 08:52

D ereduaren alde egin dute Nafarroako euskalgintza eta hezkuntza eragileek. Argazkia: Kontseilua.

Kontseiluak, Behatokiak, euskalgintzako eta hezkuntzako eragileek eta ikastetxe publiko eta ikastoletako gurasoek “errespetua eta bizikidetza helburu, euskarazko D ereduak norbanako zein komunitatean dakartzan onurak azpimarratu dituzte”.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako matrikulazioa maiatzaren bigarren erdialdean izanen da. Eta hori gogoan, Nafarroako euskalgintzako eta hezkuntzako eragileek, eskola publikoetako eta ikastoletakoekin batera, gurasoei seme-alabak D ereduan matrikulatzeko gonbidapena egin diete, “erabakiak haurren etorkizuneko hizkuntza-gaitasunetan eragin zuzena izanen duelako”. Guztien izenean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbaok esan zuenez, “askotarikoak gara Nafarroan, eta elkarren arteko errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako gizartea aldarrikatzen dugu. Euskara da bide hori zabaltzeko dugun atea, eta oztopoak oztopo, ate horiek zabaltzen jarraitu behar dugu Nafarroa osoan”. Bilbaok gaineratu zuenez, “euskarak, besteak beste, batu egiten du, eta euskararen eta euskarazko hezkuntzaren inguruan gabiltzan eragileok besoak zabalik gaudela komunitatea are handiagoa izateko, inor kanpoan ez uzteko, inor kanpoan ez geratzeko”. 

Kontseiluko eledunak azaldu zuenez, “eredurik inklusiboena da, zalantzarik gabe, euskarazko eredua”. Jakintzan, kohesioan, berdintasunean eta harremanetan jarri zuen fokua. Ezagutzari dagokionez, euskarazko ereduak haurrei beste edozein ereduk baino gehiago ematen dietela aldarrikatu zuten eragileek; hizkuntza bat ezagutzeko aukera, eta, ondorioz, ingurunea euskararen betaurrekoetatik ikustea. Hain zuzen, jakintza hori Nafarroako errealitatea hobeto ulertzeko, Nafarroa bera sakonago ezagutzeko eta Nafarroan osoki bizitzeko gakoa dela adierazi zuen Bilbaok. “Ingurunearekin harreman estuagoa lortzeko eta komunitatea egiteko balio du euskarak”, gehitu zuen. 

Berdintasunean oinarritutako gizartean ere jarri nahi izan zuten azpimarra agerraldian. “Guk gizarte kohesionatua nahi dugu, herritar guztiek aukera berdinak izatea nahi dugu”, adierazi zuen Kontseiluko bozeramaileak. “Geurea irakatsi, baina besteena ezagutu, besteengandik ikasi”. Eta hain zuzen, hori bera da euskarazko eredua: hartu eta emateko baliagarria den hezkuntza eredua, emateko eta hartzeko aukera eskaintzen duen eredua, euskararekin loturarik izan ez duten horien guztien beharrak asetzeko. “Ikasleen jatorriari erreparatzen dio euskarazko ereduak, bai, baina ikasle guztiak berdintasun-irizpidearen arabera hezten ditu. Horrexegatik, gutxiago duenari gehiago ematen dio, zertarako eta derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean euskararen gaitasun berdinak izan ditzaten”, adierazi zuen Bilbaok. 

Gaitasunak eta eskubideak 
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari den Agurne Gaubekak herritarren hizkuntza gaitasunak eta eskubideak izan ditu hizpide. Euskarazko ereduaren zein berdintasunean oinarritutako hezkuntzaren alde egin eta euskarazko ereduaren “hamarkadetako esperientzia” nabarmendu zuen.  Eta denborak aitortutako bi gaitasun azpimarratu zituen: «alde batetik, euskara eta gaztelania menperatzeaz aparte, hirugarren hizkuntza bat egoki menperatzea ahalbidetzen duen eredu bakarra da; bestetik, hizkuntza guztien balio eta garrantzi berdinaz jabetuz, tokiko kultura eta izaera anitzeko aitortza eta errespetua lantzeko balioko die haurrei, harremanetan bizikidetzan hezteko oinarrizko hazia eskainiz”. 

Agerraldian bildutako eragileak hizkuntza-eskubideak defendatzearen alde lanean dihardutela adierazi zuen. Gaubekaren hitzetan, migratutako pertsonek askotan beraiendako ez den eredua bezala ikusten dute D eredua, bai erakunde publikoetatik beste eredu batzuetara bideratzen dituztelako, euskara ikasteko zailtasunak izanen dituztela pentsatzen dutelako, zein Nafarroako hizkuntza gaztelania soilik dela pentsa dezaketelako. Baina errealitateak bestelakoa beharko lukeela aldarrikatu nahi izan zuen Behatokiko zuzendariak: “edonork izan beharko luke bertoko hizkuntza ikasteko eskubidea eta aukera berdintasuna, euskara oztopo zein aurreiritzi gabe erabiltzeko aukera, Nafarroako aniztasuna ezagutu eta bizi zein jendarteko eremu guztietan parte hartzeko aukera”. 

Agerraldian izan ziren  
Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, AEK, IKA, Euskaltzaleen Topagunea, UEU, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen, Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkartea eta ikastetxe publiko zein ikastoletako gurasoek.