Koronabirusa Sakanan

Hirugarren txertaketa eguna

Guaixe 2021ko api. 23a, 14:06
Irurtzungo kiroldegian txertatzen. Artxiboa.

Hiru egunetan 1.700 bat txerto jarri dira. Gaur 60 eta 65 urte bitarteko pertsonei jarriko diete.

Irurtzungo kiroldegia guztiz itxuraldatu da hiru egunez, eta Osasunbidearen COVID-19 gaitzaren kontrako txertaketa gunea hartu baitu. Aizkorbe eta Arruazu arteko makina bat sakandar pasa dira handik txertoa jasotzera. Herenegun 80 urte baino gehiago zituzten 350 bat pertsonak jaso zuten Pfizer txertoaren bigarren dosia. Atzo 70 eta 79 urte arteko 650 pertsonek zuten hitzordua aipatu txertoaren lehen dosia jasotzeko. Bi egunetan 09:00etatik 15:30era egon ziren txertatzen. Eta, gaur, azkenik, 60 eta 65 urte bitarteko herritarrak daude deituta, 700 bat, eta haiek Astra Zeneca etxeko txertoa jasoko dute. 09:20etik 18:00etara egonen dira txertoak jartzen. 

Osasunbidetik jakinarazi dutenez, Etxarri Aranazko oinarrizko osasun eskualdeko 70 eta 79 urte bitarteko 582 sakandarrek Pfizerren bigarren txertoa maiatzaren 4an jasoko dute. Baina ez dute jakinarazi noizko izanen duten txanda 60 eta 65 urte artekoek. Eta Altsasuko oinarrizko osasun eskualdeko txertaketa kanpainari buruz ere ez dute jakinarazi noiz izanen den. 

121 positibo
Dagoeneko ibarreko populazioaren %9,7 gaixotu da COVID-19 gaixotasunarekin. Pandemia hasi zenetik Sakanan 1.981 COVID-19 positibo zenbatu dituzte. Horien %40,73 aurtengoak dira. Izan ere, ilbeltzean 113 positibo zenbatu zituzten, otsailean 148, martxoan 170 eta apirilean, herenegun arte, 380 kasu izan dira. Hilaren 15etik 21era 121 kasu erregistratu zituzten. Horietatik %71,07 hiru herritan zenbatu dituzte: Etxarri Aranatzen 41, Altsasun 26 eta Arbizun 19. Zazpi egun horietan beste dozena bat herrietan ere positiboak agertu dira: 8 Irurtzunen, 5 Iturmendin eta Olatzagutian, 4 Lakuntzan, 3 Bakaikun eta Urdiainen, 2 Lizarragan eta bana Hiriberri Arakilen, Ihabarren, Irañetan, Uharte Arakilen eta Unanun.

Apirileko lehen 21 egunetan Etxarri Aranatzen 106 koronabirus positibo izan dira, Altsasun 96 Arbizun 59 eta Urdiainen 27. Apirileko kasuen gainontzeko %24,21 (92) 14 herrien artean izan da: Irurtzun 25, Olatzagutia 15, Lakuntza 14, Iturmendi 7, Lizarraga 6, Bakaiku 6, Etxarren 5, Uharte Arakil 5, Unanu 4, Hiriberri Arakil 1, Ihabar 1, Irañeta, 1, Dorrao 1 eta Lizarragabengoa 1.