Estralurtarrak inbaditzea falta zaigu soilik, B saileko fikziozko filmetan agertzen diren zakar eta gaizto horietakoak, ez aldiz, E.T. gaixoa. Honako burutapen honen inguruan hainbat txiste egin izan ditugu azken urte luze honen errealitate distopiko gordina arintzeko.
Paul Krugenek 2008ko Ekonomia Nobel saria eskuratu zuen eta egun New York Times kazetan sinatzen dituen zutabetan mundu mailako politikari eta ekonomiari buruzko gakoak ematen ditu. "Guru" hau orain dela 10 urte estralurtarren balizko etorreraz aritu zen CNN telebistako eztabaida batean, 2008an eztanda egin zuen krisiari aurre egiteko adibide jarriz. Esandakoa sare sozialetan jarraian biralizatu zen. Txistea egin bazuen ere, gogorarazi zuen arrakastatsuak izan zirela AEBen Munduko II. Gerra garaian hartu ziren erabaki ekonomikoak aurreko depresio ekonomikoa konpontzeko. Balizko mehatxu globalaren aurrean izugarrizko gastu publikoa, bizigarri fiskalak ezarriko zirela eta jendarteak babesteko bat egingo lukeela behar ziren ondasunak ekoizteko. COVID-19aren izurriteak ekarriko digun egoera ekonomikoa eta politikoari buruz, berriz, Krugenek dio, besteak beste, neoliberalismoaren paradigmaren bukaera honetan munduaren integrazio politikoa gutxituko dela, inoiz baino larriago izango den egoera ekonomikoa iragarriz.
Baina ekonomia ez da inola ere aski mundu berria eta paradigma berria eraikitzeko. Adela Cortina filosofo valentziarrak Etica Cosmopolita: una apuesta por la cordura en tiempos de pandemia izeneko liburua argitaratu berri du. Bertan dio zentzuz jokatzea dela egungo egoerari aurre egiteko giltza. Honela azaltzen du zentzuaren kontzeptua: justiziaren bihotzean tentua txertatzean datza zentzuaz aritzea. Hurrengo pandemiarako gure buruak etikaz jantzi beharko ditugula, eta hemendik aurrera elkartasuna zein gupida inoiz baino beharrezkoak direla bizirauteko eta, aldi berean, jendarte librea gauzatzeko. Zaintzaren etika garatzea nagusia da bere ustez. Bestetik hiritar obeditzaile bihurtzearen arriskua nabarmendu eta honen aurrean autonomian eta erantzunkidetasunean dago bertutea, bere aburuz. Demokraziarako egungo polarizazioaren arriskuak ere nabarmentzen ditu: bozkak lortzeko helburuarekin, errukirik gabe jokatzen da politikan, soilik bakoitzaren eta gutxi batzuen onurarako.
Bitartean, zilborrari behin eta berriz behatzen dion politikarekin jarraitzen dugu Espainiako Estatuan, COVID-19aren laugarren olatuak itota. Madrilen hauteskunde borrokan murgildurik daude jo eta su polarizazio interesatuan eta arriskutsuan sakonduz. Bestetik ditugu txertoen ondorio latzen eztabaida kafkiano eta interesatuak...
Iruñean eta gure herrietan udaberri honetan, loreak bezain sarri, terrazak sortu dira. Ohitura honek laugarren olatua luzatzeko duen arriskuaren polemika alde batera utziz, ondo legoke "terrazing" honetan ere buruari ematea. Adibidez, paradigma eta aro aldaketaren inguruko galderak eta eztabaidak piztea, XVII., XIX. eta XX. mendeetan hain ospetsuak ziren tertulia kafetegietan egiten zuten modura. Erokeria? Agian bai. Baina estralurtarrak jada etorri dira eta ez ditugu ikusi nahi.