Maiatzaren lehenean Altsasuko kaleak aldarri argiz beteko ditugu

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Torrente Armentia (Kontseilu Sozialista Sakanaren izenean) 2021ko api. 26a, 10:11

Kontseilu Sozialista Sakana klase borrokari modu integral batean erantzuteko sortu zen orain dela hilabete batzuk. Belaunaldi ezberdinei borrokarako lekua irekitzeko eta esparruz esparru langileriaren behar eta interesen alde egiteko. 

Honen baitan, Maiatzaren Lehenean Altsasuko kaleak hartzeko hautua egin dugu. Langileon Nazioarteko Egunean langile mugimenduaren borroketatik irakaspenak atera eta egungo testuingurua erreparatuz gure ekarpena egiteko. 

Gizarte kapitalistan berrantolaketa bat ematen ari da, gure egunerokotasunean argi ikusten duguna, langileriaren eta bereziki, proletalgoaren bizi baldintzetan okertze nabarmena ematen ari da. Ezegonkortasunak, lan prekarioek, indarkeriak... ezaugarritzen dutelarik gure bizitza, gainera, askatasun ezak gogor kolpatu gaitu, kontrol soziala areagotuz, manifestatzeko eskubidea urratuz... 
Horregatik, Altsasuko kaleak aldarri argiz beteko ditugu, antolakuntza komunista langileriaren askapena lortzeko bide erreal bakar bezala azpimarratuz. Zapalkuntza guztien aurkako eta klaserik gabeko gizarte bat eraikitzeko bidean, Euskal Estatu Sozialista eraikitzen gure alea jartzeko. Oztopo guztien gainetik eta determinazio osoz, klase batasuna eta langileriaren antolakuntza independente eta integrala defendatuko ditugu. 

Maiatzaren 1ean 12:00etan Altsasun burutuko dugun mobilizaziora batzeko deia luzatzen dugu!