Nafarroako Gobernuaren egituraren barruan, Suhiltzaileen Zerbitzua Barne Zuzendaritza Nagusiaren egituran dago. Lastailaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren 70. artikuluan ezartzen du Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua eskualdeetan egituratuko dela, eta eskualdeak, beren aldetik, parke batean edo batzuetan multzokatuko direla. Horri jarraituz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko kontseilariaren foru agindu bidez Suhiltzaileen Zerbitzua egituratzen duten eskualdeak zehaztu ditu. Hori egiterakoan eskualde bakoitzaren tipologia, langileen eta esku-hartzearen kopurua, eskualdeak hartzen dituen herriak eta arriskuen mapa ere zehaztu ditu.
Foru Aginduaren ondorioz Altsasuko-Aurizko suhiltzaile parkea sortu da. Ondorio administratiboetarako, Altsasuko eta Aurizko suhiltzaileen parkeak bateratu egiten dira, baina egungo egoitza fisikoei eusten zaie. Parke horren buru suhiltzaile-ofizialorde bat izanen da. Foru Araudian jasotzen denez, Altsasukoa laguntza parkea da, eta Nafarroako gainerako lekuei sostengu emanen die. Eta azaltzen da parkeak urtean 400 esku-hartze egiten dituela bataz beste.
Altsasuko parkeak behar bezala funtzionatzeko gutxienez 7 kabo eta 14 suhiltzaile izan behar ditu. Gaur egun Altsasuko parkeko arduradun den Pedro Gainzak azaldu duenez, hainbat arrazoirengatik “eta gutxigatik” ez dira gutxieneko langile kopurura iristen. Gainzak azaldu duenez, suhiltzaile oposizioa 38 pertsonak gainditu dute eta heldu den urtean oinarrizko ikastaroa eginen dute. Horren ondoren langile kopurua beteta egonen dela azaldu du. Langile berri horiek iritsi bitartean sindikatuek udan salatu dute hainbat parketan gutxieneko langile kopururik ez dela izan eta gobernuaren beraren araudia ez dela bete.
Eremua eta arriskuen mapa
Suhiltzaileena larrialdi zerbitzua izanik, tokietara lehenbailehen iristeak aparteko garrantzia du. Irizpide hori kontuan hartuta, Altsasuko suhiltzaileen parkeak Sakanako herri guztiei ematen die zerbitzua. Salbuespena bi herri dira: Aizkorbe eta Irurtzun. Haietara azkarrago iristen da Iruñeko Trinitarios suhiltzaileen parketik eta, horregatik, ibarreko bi herri horiei handik ematen zaie zerbitzua. Bietan beharrezkoa litzatekeen kasuetan Altsasuko parkeko suhiltzaileak laguntza ematera joanen lirateke. Altsasuko parketik, gainera, Madotz, Oderitz eta Etxarrira joanen dira larrialdi kasuan.
Bestalde, suhiltzaile parke bakoitzak bere arriskuen mapa du. Hura osatzerakoan hainbat irizpide hartzen dira kontuan: populazioa, urtegiak, gasbidea dagoen, lurrikara arriskua, trafikoa, elurteak…
Altsasuko suhiltzaile parkearen arriskuen mapan suteen hiru eremu ikusten dira: sute arrisku oso handia aurreikusten da Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian; ibarreko gainontzeko herrietan arriskua altua da eta, bestetik, Aralarren eta Urbasa-Andian sute arriskua moderatua dela jaso da. Azkenik, Sakanan uholde arrisku ertaina dagoela jasotzen du agiriak.