Kontzientzia-eragozpenaren mugimenduaren eta intsumisioari buruzko dokumentazio funtsa

Guaixe 2021ko ots. 17a, 11:51

Nafarroako Unibertsitate Publikoko asanblada antimilitaristaren manifestazioa. Argazkia: www.ekinklik.org

Nafarroako Memoriaren Institutuak 70eko hamarkadan hasi ziren ekintza horiei buruzko artxibo historiko digitala aurkeztu du. 6.000 dokumentu bildu ditu, 15.000 orri baino gehiago. 

Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko Nafarroako Memoriaren Institutuak Nafarroako kontzientzia-eragozpenaren mugimenduaren eta intsumisioari buruzko artxibo historikoa aurkeztu zuen atzo. Bertan frankismoaren akaberan sortu eta 90ko hamarkadan Nafarroako gizartea astindu zuten dinamiken inguruko agiriak jaso dira. Gaztela-Mantxako Unibertsitateko irakasle titularra eta intsumiso izateagatik Iruñeko kartzelan preso egondako Pedro Oliver Olmok egindako ikerketa da funtsaren oinarria. Hari laguntzen Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Fernando Mendiola Gonzalo eta Bruno Lopez ikertzaileak lagundu diote. 

Lau ardatz


Artxiboa Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren webgunean dago eskuragarri eta lau ataletan egituratuta dago. Alde batetik, dokumentazio atalean KEM-MOC, Kakitzat, Intsumiso Presoen Batzarra, EHGAM, Carlos Rey, Iñaki Subiza eta Juanjo Morenoren 2.006 dokumentu-unitate kontsulta daitezke. Atal honetako bilaketak gaika egin daitezke. Bestetik, hemeroteka atalean Iñaki Subizak antolatutako bilduma dago, 3.952 prentsa-zati dituena. Hemerotekaren atala goiburu eta argitalpen urtearen arabera antolatu dute. 

Gainera, inprimatutako materialari dagokion zatian, Andoni Romeoren bilduma kontsulta daiteke; horien artean, kartelen eta eranskailuen 403 irudi nabarmentzen dira. Azkenik, memoria atalean, gaiari lotutako hainbat ibilbide egin ahal izango dira, 16 elkarrizketa kolektiboren bidez. Elkarrizketa horietan 71 pertsonak hartu dute parte. Besteak beste, AFOINA, EGHAM, Sakanako Antimilitarista Taldea, Kakitzat, KEM-MOC eta Nafarroa Intsumitua taldeko kideak. Atal hori maiatzetik aurrera egongo da eskuragarri webgunean. Nafarroako Giobernutik jakinarazi dutenez, jaso hala agiri berriak sartuko dituzte artxibo historiko horretan, esaterako, Batzarre edo EHGAMenak edo partikularrenak.

Mugimendu plurala


Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak artxiboaren aurkezpenean azpimarratu zuenez, “kontzientzia eragozpenaren mugimenduak balio demokratikoetara eta justizia sozialari buruzko diskurtso batera jo zuen, bakearen kulturaren eta hezkuntzaren formulazio berri bat barne, nazioarteko gatazkak modu baketsuan konpontzeko”. Kontseilariak “mugimendu plurala” izan zela azpimarratu zuen, “anitza, baita kontraesanak zituena ere, baina 90eko hamarkadan parlamentuko alderdi politiko guztietako gazteen babesa lortzeko gai izan zena”.

Era berean, Ollo kontseilariak gogorarazi du artxiboak “areagotu” egiten duela Memoriaren Nafarroako Institutuak “bakerako hezkuntzarekin eta gatazken konponbide baketsuarekin duen konpromisoa” eta, horretaz aparte, gazteei “beren oraintsuko iraganaren beste alderdi bat ezagutzeko aukera" ematen diela, "mugimendu horien ezaugarri izan zen bake-kultura horretaz elikatzeko”.

Bestalde, Josemi Gaston Memoriaren Institutuko zuzendariak azpimarratu zuenez, artxibo digital horri esker “hobeto ulertuko da derrigorrezko soldadutzari aurre egiteko kartzelara joan ziren gazteak protagonista zituen mugimendu sozial bat, indarkeriarik gabeko desobedientzia zibileko estrategia baten barruan eta Espainian nahitaezko soldaduska indargabetzea lortu zuena”. Horretarako, Gastonek azaldu duenez, “antimilitarismoaren, bakezaletasunaren eta kontzientzia eragozpenaren inguruan sortutako ekintza baten erreferente teorikoak, estrategiak, barne antolaketa eta aktibismoa” bildu dituzte.

Ekarpenak 
Artxibo historikoari ekarpena egin nahi dionak Nafarroako Memoriaren Institutuaren INM@navarra.es e-posta helbidearen bidez egin dezake.