Pilota

Zabaleta finalera eta Ezkurdia finaletik kanpo

Maider Betelu Ganboa 2021ko api. 26a, 11:55
Ezkurdia partidako onena izan zen, gehiago merezi zuen, baina txapelketatik kanpo geratu da.

Elezkanok eta Zabaletak 22 eta 8 irabazi zieten Peñari eta Albisuri atzo Bizkaian jokatutako partidan. Ezkurdia eta Ladis Galarza finalean egoteko aukerarik gabe geratu dira, Altunaren eta Mariezkurrenaren kontra tanto eskas baten kontra galdu eta gero, gehiago merezi izan zuten partidan

Binakako Txapelketako finalerdietako 2. jardunaldian txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte pilotari sakandarrek: Ezkurdia finaletik kanpo geratu da eta Zabaleta, aldiz, lehen finalista da, Elezkanorekin batera. 

Ezkurdia, partidako onena eta saririk gabe
Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak hil ala biziko partida jokatu zuten larunbatean, Logroñoko Adarragan, Jokin Altunaren eta Jon Mariezkurrenaren kontra. Lehen jardunaldiko bi galtzaileak zirenez, bi bikoek jokoan zegoen puntua ezinbestekoa zuten. Tentsio handiko partida izan zen, eta Joseba Ezkurdiarendako guztiz injustua. Izan ere, aurrelari arbizuarra izan zen partidako jokalaririk onena. Tanto ikusgarriak egin zituen eta ikaragarrizko abiadurarekin mugitu zuen pilota, baina azken txanpan Baraibarko atzelariak ez zion behar bezalako babesik eman eta 21 eta 22 galdu zuten Altunaren eta Mariezkurrenaren kontra. Partida galtzeaz gain, txapelketari agur esan behar izan diote, finalera sailkatzeko aukerarik gabe geratu baitira. Gehiago merezi zuten, baina bidean geratu dira. 

Ezkurdia izan ezik, gainontzekoak ez ziren batere fin ibili. Bi atzelariek, Ladis Galarzak eta Mariezkurrenak, pilota asko galdu zituzten; partidari ezin eutsi ibili ziren. Altuna ere ez zen oso oldarkor ibili, erasoan etorririk gabe. Halaxe izan da partida osoan. 
Ezkurdiak eta Galarzak ireki zuten lehen tartea, 8 eta 4 aurreratu baitziren. Ezkurdiak agintzen zuen, eta Altunari ez zitzaion bere distira antzematen. Ezkurdia lan ona egiten ari zen aurrean, baina Galarzaren akatsei esker 12 eta 10 hurbildu ziren Altuna eta Mariezkurrena. Atzean Galarzaren segurtasuna behar zuen Ezkurdiak, baina ez zuen lortu; gainera, azken txanpan pilota ugari galtzen hasi zen Baraibarkoa. Gorriek 17 akats egin zituzten partida guztian. Eta horregatik erori ziren tantoak Altunaren eta Mariezkurrenaren aldera. 17 tantora berdintzea lortu zuten, eta azken txanpa izan zen partidaren unerik borrokatuena. Ezkurdiak ez zuen etsi eta bi gantxo ikusgarri egin zituen segidan, 20 eta 18 aurreratuz. Hortik aurrera gehiegi arriskatu zuen aurrelari arbizuarrak, ahalik eta azkarren bukatzeko nahi horretan. Gorrien pare bat hutsei esker, 20 eta 21 aurreratu ziren Altuna eta Mariezkurrena. 21 tantora berdindu zuten Ezkurdiak eta Ladisek, eta guztia azken tantoak erabaki zuen. Une erabakigarrian, Altunak zabalera gantxo baina egin zuen, tantoa eta garaipena lortuaz. Eta hor bukatu ziren Ezkurdiaren eta Ladis Galarzaren esperantzak. 

Triste, oso triste zegoen arbizuarra. “Ondo ikusi dut neure burua, baina ez dugu partida apurtzen jakin eta kanpoan gaude” azaldu zuen. Ezkurdiak gehiago merezi zuen, eta Altunak ere hala adierazi zuen. “Ladisek opari batzuk egin dizkigu eta nire ustez horregatik irabazi dugu. Josebak lan handia egin du, tanto ederrak egin ditu, eta nik baino gehiago merezi zuen berak irabaztea. Baina niri ere tokatu izan zait, beste aurrelariak baino partida hobea egin eta galtzea, eta nik uste dut gaur halaxe izan dela” aitortu zuen Altunak. 

Zabaleta eta Elezkano, lehen finalistak
Atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, finalerdietako lehen kanporaketako irabazleak aritu ziren: Elezkano-Zabaleta eta Peña-Albisu. Ongi hastea gakoa zela nabarmendu zuten Elezkanok eta Zabaletak material aukeraketan, eta horrela izan zen, 5 eta 0 aurreratuta tarte ederra atera baitzuten.  Hala ere, Peñak eta Albisuk markagailuari buelta ematea lortu zuten, 5 eta 6. Hortik aurrera, Etxarrengo atzelariak makineria topera martxan jarri, eta partida goitik behera agindu zuen. Sekulako erakustaldia egin zuen: Albisu jokoz kanpo utzi zuen, Peña lekutik kanpo atera zuen eta bere erritmora dantzan jarri zituen urdinak. “Zabaletarena beste mundukoa izan da” azaldu zuen Peñak partida bukaeran. Peñak ez zuen azken partidetako maila eman, eta nahiz eta Albisu ongi aritu, beti defentsan aritu zen, agindu ezinda. Eta Elezkano sartu beharrekoetan ongi aritu da. Bikote ederra osatzen dute Elezkanok eta Zabaletak. Azkenean, 22 eta 8 gailendu dira, 17 partzialarekin, eta finalerako lehen txartela lortu dute, merezimendu osoz. 

“Uste dut biak partida ona egin dugula, gustura bukatu dugu elkarrekin, bikote gisa ongi funtzionatu dugu eta hori da onena” nabarmendu zuen Zabaletak bukaeran. 

3. jardunaldia
Datorren asteburuan Binakako finalerdietako 3. eta azken jardunaldia jokatuko da. Altuna-Mariezkurrenak eta Peña II.a-Albisuk igandean Bizkaian jokatuko duten partidatik (17:00etan, ETB) aterako da bigarren bikote finalista. Larunbatean, maiatzak 1, Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Elezkano II.aren eta Zabaletaren kontra jokatuko dute Labriten (17:15, ETB1). Ez dago ezer jokoan, baina itxura onarekin despeditu nahiko dute txapelketa Ezkurdiak eta Galarzak, eta finalera begira sasoi betean jarraitu nahiko dute Elezkanok eta Zabaletak.