Zazpi plaza, zazpi saio mota

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021ko api. 28a, 12:26
'Zapla!' egitasmoaren irudia. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Nafarroako Bertsozale Elkarteak 'Zapla!' egitasmoa jarri du martxan. Bertsolariei plazak eskaintzeko eta "esperimentatzeko" sortu dute egitasmoa. Lau bertsolari sakandarrek parte hartuko dute. Etzi, ostirala, Irurtzungo kultur etxean saioa izanen da

Zazpi saio desberdin, zazpi herri desberdinetan. Nafarroako Bertsolazale Elkarteak aurtengo pandemia garaiko udaberrirako proposatu duen Zapla! egitasmoa da. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren urtea zen, baina egoeragatik bertan behera utzi behar izan zuten. "Txapelketak berezitasun batzuk ditu; berdintasun irizpidea, areto mota berdintsuak… eta pandemia egoeran bermatzea zaila zen", azaldu du Ander Perez Agote Nafarroako Bertsozale Elkarteko arduradunak. Beraz, txapelketa atzeratzen zenez, elkarteak bertsolariei "aukerak eta plazak eskaintzea" erabaki zuen, eta, horretarako, egitasmo berri bat pentsatu zuen: Zapla! Nafarroako bertso plaza martxan.

Zazpi saio "desberdin" biltzen dituen egitasmoa da Zapla!. "Ikusten genuen, txapelketan saio bakoitzaren egitura beti oso zurruna zela, txapelketak horrela eskatzen duelako. Aldiz, egitasmo honetan ez genuenez halako betebeharrik, bertso saio estiloa eta formatua, eta gaietan esperimentatzeko eta ideia berriak probatzeko aukera ematen digu". Bertsozale Elkartea saiatzen da bertso saioak Nafarroan ahalik eta gehien hedatzen, herri eta eskualde gehienetara iristen. Oraingoan ere, zazpi herritan egonen dira saioak: gaur hasiko da Lizarran, bihar Beran, datorren ostiralean Irurtzunen, Zizur Nagusian, Antsoainen eta Agoitzen eta maiatzaren 15ean amaituko da Arantzan.

Esperimentua
Guztira, 30 bertsolarik parte hartuko dute Zapla! egitasmoan. Deialdi zabala egin zela azaldu du Perezek, eta "espero baino gehiagok" eman zutela izena aipatu du. "Kopuru polita" da. "Jendea gogoz dagoela ikusten da, bai bertsolarien aldetik bai entzuleen aldetik". Kultur emanaldietarako grina eta gogoa dago. "Uste dut bertsolariek edozer gauza egiteko gogoz dabiltzala; saio bakarra bada ere". Elkartearen lana bertsolariak saioetan kokatzea, antolatzea eta saioen berezitasunak prestatzea izan zen, "zerbait berria" eskaini nahi izan dutelako.

Lau sakandarrek parte hartu dute Zapla! egitasmoan. Ekain Alegre altsasuarrak mustu zuen egitasmoa ostiralea, Lizarran. Nafarroako Bertsolari Txapelketarik gabe udaberriko plaza "lehor" gelditu zela esan du Ekain Alegre bertsolari altsasuarrak. "Gutxienez herrietara bertso saioak eramateko hartu duten erabakia aukera polita dela uste dut, plazak berriz biziberritzeko eta saio desberdinak herrietara eramateko". Egoerarekin kantatzeko aukerak izatea "zaila" dela esan du.

Bertso saio bakoitzak formatu desberdina izango du. Lizarrako kasuan Bertso jaialdia deitutako formatua izango du: "Pentsatzen dut bertso saio tradizional bat izango dela. Badaude beste formatu batzuk espezifikoagoak direnak. Kasu honetan lau bertsolari eta gai jartzaile bat oholtzaren gainean izango gara". Alegrerekin batera, Erika Lagoma, Julio Soto eta Saioa Alkaiza izanen dira, eta Alaitz Rekondo izango da gai jartzailea. Esperientzia berria izanen dela esan du Alegrek. Zapla!-ren hurrengo saioa Berako kultur etxean izan zen, eta Bidasoan gora liburuan oinarrituta.

Datorren astean, apirilaren 30, ostirala, egitasmoa Sakanara iritsiko da. Irurtzungo kultur etxean, 18:30ean, Iker Gorosterrazu, Irati Majuelo eta Sustrai Colina ariko dira. Gai jartzailea Maialen Belarra izanen da. Bertso saio honen formatua zentzumenei bertsotan izanen da, eta, beraz, bertsolariak zentzumenei buruz eta zentzumenekin "jolasean" ariko dira.

Tramak eta koplak
Maiatzaren 2an, igandea, 18:30ean, Zizur Nagusiko kultur etxean Idoia Granizo altsasuarra, Beñat Astiz, Miel Mari Elosegi Luze, Sarai Robles eta Xabat Ilarregi bertsolariak ariko dira. Gai jartzailea Ander Aranburu izango da, eta Bertso trama deitutako saioa egingo dute. Granizo "izugarri ondo" hartu du egitasmoa. "Inork ez zekien zer gertatuko zen, eta elkartetik ahalegin handia egin dute. Plazak aurrera ateratzeko modu bat da". Saio bat "behintzat" bermatuko zaie. Plazarekin "esperimentatzeko hori" gehitzen da. "Saioaren hasieran bertsolari bakoitzari nolabaiteko rol edo papera emango digute, eta saio guztian zehar rol horrekin kantatu behar dugu". Zer den probatzeko gogotsu dago Granizo, "esperimentatzeko".

Zapla! egitasmoaren hurrengo gelditokia Antsoaingo kultur etxean izango da, maiatzaren 8an, 18:30ean. Bertan Saats Karasatorre etxarriarrak parte hartuko du, Ainara Ieregi, Joana Ziganda, Josu Sanjurjo, Mikel Lasarte eta Patxi Castillo bertsolariekin batera. Gai jartzailea Zigor Gartzia Zian izango da eta Kopla saioa egingo dute. Karasatorreri "interesgarria" iruditzen zaio, gehien bat "formatu desberdinen" kontuagatik. "Esperimentatzeko aukera bezala ikusten dut". Hala ere, egokitutako formatuarekin pentsatzen zuena baina "zailagoa" izango dela aitortu du, "kopla kontuz ibiltzeko" modukoa delako. "Kopla txapelketaren batean aritua naiz. Oso dinamikoa eta azkarra izango da". Bertsokideak, gainera, ezagutzen ditu

Maiatzaren 9an, igandean, Agoizko kultur etxean bertso jaialdia izanen da, eta Zapla! egitasmoarekin amaitzeko bertso bazkaria izango da Arantzako aterpean, 14:00etan, Eneko Lazkoz etxarriarrarekin eta Julen Zelaietarekin. Egitasmoa Nafarroan barna "saio batzuk egoteko eta presentzia hor egoteko" ongi dagoela esan du Lazkozek, hala ere, saio bakarra dela, bertsolariei ez zaiela "ezer konpontzen" aitortu du. Baina behintzat, "gero beste saio batzuk" etorri daitezkeela esan du. Egokitu zaion saio formatuarekin "oso pozik" dago etxarriarra, baita bertsokideekin ere. "Esperimentuak oso ongi daude, baina ni gauza batzuetan nahiko tradizionala naiz, eta bertso bazkari edo afariak bezalakorik ez dago bertsotan aritzeko". Hala ere, bertso bazkari "ezberdina" izango da, egoeragatik neurriak eta distantziak mantenduko direlako.