Pilota

Adrian Azpiroz Nafarroako Gazteen Lau eta Erdiko Txapelketan laugarrena

Guaixe 2021ko api. 27a, 12:15
Nafarroako Lau eta Erdiko Gazteen Mailako finalistak, Adrian Azpiroz (Irurtzun) tartean. Argazkia: Nafarroako Pilota Federazioa.

Irurtzun klubeko pilotariak 16 eta 18 galdu zuen Ultzama klubeko Mikel Mikelarenaren kontra 

Ostiralean Nafarroako Pilota Federazioak antolatutako Nafarroako Gazteen Lau eta Erdiko Txapelketako-Guillermo Mazo Memorialeko finalak jokatu ziren Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan. Lehenik eta behin 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatu zen, eta bertan Irurtzungo klubeko Adrian Azpirozek Ultzama klubeko Mikel Mikelarena izan zuen aurkari. 
Partida oso estu eta borrokatua izan zen, bi bikoek hirugarren postua jokoan zutelako, eta, azkenean, Mikel Mikelarenak lortu zuen podiumera igotzea, 31 minutu iraun zituen eta 218 pilotakada gurutzatu ziren partidan Adrian Azpirozi 16 eta 18 irabazi eta gero. 

Final handia ere oso borrokatua izan zen, goi mailakoa. Javi Murillo (Ultzama) eta Arai Murillo (Oberena) nor baino nor aritu ziren eta, azkenean Arai Murillok jantzi zuen Nafarroako Gazteen Lau eta Erdiko txapel preziatua, tanto baten aldearekin Javi Murillori 17 eta 18 irabazita. Javi Murillo aurreratu zen, 14 eta 5, baina Araik buelta eman zion partidari, 17ra berdindu zuen eta azken tantoa berarendako izan zen. Partidak iraun zuen 36 minututan finalistek 197 pilotakada gurutzatu zituzten.