Txirrindularitza

Emakumeen Nafarroako Klasikoa Sakanatik pasako da

Guaixe 2021ko api. 27a, 12:45
Ostegunean aurkeztu zuten III. Emakumeen Nafarroako Klasikoa, Nafarroa Arenan.

Maiatzaren 13ko etapa Zudairen hasi eta Goñitik Sakanara iritsiko da, Zuarratetik barna Larraunera sartu eta Lekunberrin despeditzeko. Tropeleko onenak lehiatuko dira

Maiatzaren 13an eta 14an III. Emakumeen Nafarroako Klasikoa jokatuko da, eliteen mailako proba. Bi etapa dira, Lekunberrin eta Iruñean despedituko direnak. Klasikoan 28 taldek parte hartuko dute, horietariko batzuk UCI World Tour mailakoak eta esan daiteke egungo emakume txirrindulari onenak lehiatuko direla. Iazko irabazle Annemiek Van Vleuten (Mitchelton-Scott) txirrindulariaren parte hartzea espero da, iaz bigarrena izan zen Elisa Longo eta iaz hirugarrena izan zen Maria Giulia Confalonieri txirrindulariekin batera. 

Aurreko ostegunean aurkeztu zuten proba, Nafarroa Arenan. Tartean zeuden Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaola, Iruñeko Udaleko Gizarte Gaietako zinegotzi Maria Caballero, Lekunberriko Kirol zinegotzi Joseba Ordoki, Emakumeen Nafarroako Klasikoko zuzendari Miguel Sabalza, Movister Team taldeko txirrindulari Sheyla Gutierrez eta Tourra bost aldiz irabazi zuen Miguel Indurain txirrindulari ohia. Guztiek azaldu zutenez, “emakumezkoen kirola sustatu” nahi da Emakumeen Nafarroako Klasikoa antolatzearekin. 

Maiatzaren 13ko etapa Zudaire eta Lekunberri artean jokatuko da (128,3 km). Zudairetik aterata, Eraul, Lezaun, Artabia, Genbe eta Goñitik barrena, proba Sakanan sartuko da eta Zuarratetik Mugirora iritsiko da, Lekunberriko helmugaraino. Genbe, Goñi eta Zuarrate gainak gainditu beharko dituzte. Eta hurrengo egunean, maiatzaren 14an, Iruñean hasi eta despedituko den 124,8 kilometroko etapa izanen dute aurrez aurre txirrindulariek. Olaberri, Tiebas, Biurrun, Tirapu, Artaxoa eta Erreniega gainditu beharko dituzte.