Langileen batasunaz...

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Barriola 2021ko api. 29a, 10:47

Egun hauetan kartel batzuen bidez gonbidapen hori jaso dut: Langile batasunaz, eraiki sozialismoa

Segituan sartu dira erresonantzian nire gazte denborako oroimenak. Kalera irteten ginen, pankartetan idatziz: "Luchar, vencer, obreros al poder". Frankoren kontrako garaiak ziren. Gogoan hartzen genituen Chicago Martiriak, 8 orduko lanaldia (oraindik ez sozialismoa) lortzeko greba indartsu batean erahilak izan zirenak. Trantsizio malapartatu honetan, 1980ean, korrika ibili ginen Donostian orduko grisen (Polizia Nazionala) erasotik ihes. 

Harrez geroztik gogo berak elikatu du nire bizitzaren militantzia. Eta horregatik, munstro kapitalistaren jokamoldean aldaketa garrantzitsuak eman direlako, langileen egoeran eta esplotazio modutan aldaketak eman direlako, horren ondorioz kapitalaren zibilizazio osoa kolakan jartzen ari delako, eta emantzipazio gogo eta asmoa aberastu delako (femenismoa, ekologismoa), ulertu dut langileen batasuna oso lan sakona eta apasionagarria dela. 

Langileen batasuna aldarrikatzea ondo dago, baina ez da aski. Egin, egin beharra dago, eraiki beharra dago. Eta hori burutzeko traba mota askotakoak daude:

  • Traba ekonomikoak: langileria zatituta dago modu askotara: langile finkoak, prekarioak eta langabetuak. Milioika langile ez dira langiletzat hartuak (etxeko zaintzaz arduratzen diren milioika emakumeak). Langile enplegatuen artean soldata arrakala (beste zatiketa bat gehiago) generoaren arabera funtzionatzen du. Herri kapitalista “garatuetako” langileak eta etorkinen arteko diferentziak. Europako langileek kontsumitzen ditugu muturreko esplotazioen bidez ekoizten diren mota guztietako produktuak….
  • Traba politikoak: zenbat langilek eman diote botoa, esaterako, PPri edo Macroni edo Trumpi edo Felipe Gonzalezi. Edo ez al dira langile asko arrazistak, edo patriarkatuaren pribilegioak defendatzen dutenak…
  • Traba ideologikoak: komunikabideetan (telebista eta sare sozialak), hezkuntza maila guztietan, zinemetan… zer nolako “garbiketa ideologikoa” jasaten dugun denok, baita langileek ere. Bakarjabetzaren justifikazioa ondare amankomunen mespretxuz. Zerrenda luzea da… Horren adibide,telebistako iragarki bakoitza. Bizitzako alor guztiak ukitzen ditu: Sistema ekozida eta genozida goraipatzen da; sistema patriarkala elikatzen da haurrentzako edozein anuntziotan; arrazakeria da gure hitzegiteko eran, gure txistetan… Munduko hizkuntzen aniztasunaren ukazio iraunkorra da Espainiako eta Frantziako konstituzioa eta  komunikabideen sistema osoa.

Gainera, gu ere neurri handi batean horretaz kutsatuta gaude. Eta gure jokamoldean ere, horrelako trabak txertatuak daude. 

Batasunaren langintza horretan arrisku batzuk ezagutu ditugu eta batzuetan horietan erori:

  1. Ekonomizismoa: Gizakia ez da ogitik soilik bizitzen (bizitzaren baldintza materialak), hitzetik baizik (bizitzaren harremanak eta sormena–amodioaren sormena, poesiaren sormena, laguntasunaren sormena, demokraziaren sormena, naturarekiko harreman orekatuen sormena). Langileen (eta pertsona guztien) premia da denbora librearen posibilitatea… Baina gure denbora kapitalak organizatua dago. Noiz jaiki, noiz oheratu, zer egin lanean, zer egin aisialdian, zein kultura irentsi…Langileak espazioan bizi gara, eta gure espazioak (hirien arkitektura, espazio publikoen erabilera eta kontrola, espazio pribatuaren pisua…).
  2. Hierarkia faltsuak: zer da garrantzitsuago langile enplegatuen esplotazioari amaiera ematea edo emakumeen aurkako bortxakeriarekin amaitzea? Zer da garrantzitsuago lana guztiontzat edota aldaketa klimatikoa ahal den neurrian arintzea (ezinezkoa da jadanik geldiaraztea!)? Zer da garrantzitsuagoa gizakia edo bakterioa? Hierarkia faltsuak dira. (Bakteriorik gabe gizakia ez baitzen existituko!).
  3. Borroka da bide bakarra? Herrigintza, edo zaintza, edo sormena edo elkartasuna edo berdintasuna lantzea ez al da bidearen erdiguneko erraila?
  4. Pentsamendu gogortua: Pentsamendu gogortua deitzen diot ideia batez enamoratu eta gero ideia hori ukitu ezinezko dogma bihurtzea. Hau da ideia horren inguruan eratzen ez dena mepretxatzea. Baina, nire esperientzian, sozialismo demokratiko iraultzailearen (horrela definitzen nuen nire utopia eragilea) aldeko gogoa izan dut, nahiz eta egin dudan borroketan helburu xumeagoak izan: Lemoiz gelditu!, OTAN Ez, Presoak etxera, 1080ko pentsioa gutxienez, Altsasukoak Aske…. Borroka guzti horietan eman daitezke pausuak langile eta zapaldu guztien batasuna eraikitze bidean, baina borroka horietan lekua dute nahi duten guztiok, edozein utopiakoak izanik ere, nahi badute Lemoiz gelditu, OTAN ez sartu, Altsasukoak aske…. Pentsamendua gotortzen bada, dogma bat bihurtzen bada, sektarismoan erortzen gara.

Batasuna eraiki nahi bada, egin beharreko lanaren xedea, helburua, utopia bizigarriak argia behar du izan. Demagun “Sozialismoa eraikitzea” aukeratzen dugula. Niretzat hori esatea ez da aski beste arrazoi bategatik: sozialismo hitzaren esan nahia polisemikoa delako. Errusiako Iraultzaren ondoren eta XX. mendean egin diren iraultza sozialisten ondoren hitz horiek oso esan nahi diferentea hartzen dute, hizlariaren arabera. Eta ez da soilik kapitalak sozialismoaren kontra egin duen “garun garbiketa” intentsiboa. Esperientzia praktikoak, sobietarrak edota burokratikoak, bere burua horrela definituak (Errusia, Europako Ekialdea, Txina, Kuba, Camboya, Vietnam, Nicaragua…) oso desberdinak izan dira eta gehienak porrotean amaitu dira. Horregatik beharrezkoa da sozialismoa hitza argitzea. 

Baina batez ere argitu behar da planetaren egoera aldatu delako. Sozialismoaren desioa ezin da, niretzat, egokia izan ez badu elikatzen planeta kolapsora daraman munstro patriarkal-kapitalista-arrazista- ekozida eta genozidaren aurkako bizi-nahia unibertsalaren komunitatea.