Pilota

Nork esan du partida garrantzitsua ez denik?

Maider Betelu Ganboa 2021ko api. 30a, 14:30

Binakako finalerako sailkatuta dauden Elezkano II.aren eta Zabaletaren kontra ariko dira txapelketatik kanpo geratu diren Ezkurdia eta Tolosa larunbatean Labriten. Arbizuarrak ongi bukatu nahi du txapelketa, sentsazio onekin, eta Zabaletak finalerdiko hiru partidak irabazita iritsi nahi du finalera

Binakako Txapelketako finalerdietako 3. eta azken jardunaldia jokatuko da asteburuan. Peña-Albisuk eta Altuna-Mariezkurrenak igandean Bilbon jokatuko duten partidatik aterako da txapelketako bigarren finalista, Elezkano II.a eta Zabaleta dagoeneko finalerako sailkatuta baitaude. Beraz, Elezkanok eta Zabaletak bihar Ezkurdiaren eta Ladis Galarza ordezkatuko duen Tolosaren kontra Labriten jokatuko den partidan, txapelketari begira ez da ezer erabakiko, baina bi bikoek partida irabazi nahi dutela oso argi dute. 

Zabaleta, zenbakirik onenekin
Elezkano eta Zabaleta 2000 urtetik hona egin diren zenbaki onenekin iritsiko dira finalera. Jokatu dituzten 16 partidetatik 13 irabazi dituzte eta 3 galdu. Eta finalerdietan jokatu dituzten bi partidetan soilik 15 tanto egin dizkiete. Kondaira hori hobetu nahi dute, finalerdietako hiru jardunaldiak irabazita. 

Txapelketa aurkeztu zenetik 2021eko Binakakoa irabazteko bikote faboritoa izan dira, eta jardunaldiz jardunaldi argi utzi dute. Primerako bikotea osatzen dute, ikusgarri dabiltza eta lezioa ematen dute, bata bestearen atzetik. Haiek jokatzen ikustea gozamen hutsa da. Jose Javier Zabaleta egungo atzelaririk onena dela eta gainontzekoak baino koska bat gorago dagoela esatea ez da berria. Zabaletarik onenaren aurrean gaude, eta Elezkanok oso ongi daki bera laguntzen. Etxarrengo atzelaria oso perfekzionista dela jakina da; bere esanetan, beti dago hobetzeko zerbait. Baina berak ere onartu behar izan du partida onak egiten ari direla. “Uste dut biek partida ona egin dugula, bikote gisa ongi funtzionatu dugu eta hori da onena” nabarmendu zuen Zabaletak igandean Bilbon, Peñari eta Albisuri 22 eta 8 irabazi eta gero. Hortaz, beraiek dira faborito nagusiak bihar, larunbata, Labriten, Ezkurdia eta Ladis Galarza ordezkatuko duen Tolosa irabazteko. Eta,bide batez, baita maiatzaren 9an jokatuko den final handia irabazteko ere. 

Ezkurdiak gehiago merezi zuen
Aurreko larunbatean Ezkurdiak eta Galarzak 21 eta 22 galdu zuten Altunaren eta Mariezkurrenaren kontra, eta finalean egoteko aukerarik gabe geratu ziren. Ezkurdiarendako kolpe latza izan zen; bera izan zen partidako onena, zalantzarik gabe. Galarzak pilota ugari galdu zituen, urduri antzera ibili zen, eta hor ihes egin zien partidak, tanto bakarrarengatik. Ezkurdiak aitortu duenez, “penaz eta guztiz amorratuta” bukatu zuen, finalerdietan lan ona egiteko itxaropena baitzuen. “Finalean egoteko aukerak ihes egin digu, edo gutxienez bukaerara arte borrokatzeko aukerak, xehetasun txikiengatik” azaldu zuen. 

Partidako onena izateak askotan ez da nahikoa. Tentsioak, presioak eta urduritasunak Ladisengan eragina izan zuten. Arbizuarra bera laguntzen saiatu zen, baina azkenean ez zen posible izan. Bikoteak ezin izan du finalerako sailkatu, baina txapelketa ona egin dutela ezin daiteke ukatu, nahiz eta irregular samar aritu. Lehen helburua play-off postuetan sailkatzea zen; hori lortuta, play-offak gainditu zituzten eta finalerdietarako sailkatu ziren. Pena, tanto bakar baten aldearengatik finalerdietan aukera gehiago izan ez izana. “Orokorrean txapelketa ona egin dugu, bizpahiru partida kenduta. Pozik egoteko modukoa da” azaldu du Ezkurdiak. 
Larunbatean ez dute ezer jokoan, baina Labriten jokatuko den partida garrantzitsua da Ezkurdiarendako. Arbizuarrak ongi bukatu nahi du txapelketa, sentsazio onekin. Txapelketaren azken txanpara ongi iritsi dela uste du, txisparekin eta konfiantzarekin, eta bide horretatik jarraitu nahi du. Ladis Galarzak eskuin eskua minduta bukatu zuen aurreko partida, eta Xabi Tolosak hartuko du bere tokia. Aurrean Elezkano eta Zabaleta izanen dituzte, txapelketan euren borreroak izan direnak. “Txapelketako bi partidatan gure gainetik pasa ziren. Ea larunbatean ez den berdina gertatzen. Izugarri ari dira jokatzen. Jose dominatzaile petoa da, eta Danelek argitasunez jokatzen du” adierazi du Ezkurdiak. 

Ezkurdiak badaki Zabaletarekin batera txapel bat irabaztea zer den. 2018an lortu zuten. Arbizuarrarendako aurrelari berezia da Etxarrengoa. “Izugarri jokatzen du, eta jotze berezia du. Txapela irabazi genuenetik Josek pauso bat eman zuen aurrera, mentalki. Lehiakorragoa da, konstanteagoa, gehiago sufritzen daki eta izugarri jokatzen ari da. Diferentziak markatzen ditu. Bera jokatzen ikustea gozamena da. Pilota jotzen ez dut bera bezalakorik ikusi, eta Txapelketa dominatzen ari da” azaldu du. 

Binakakoa bukatuta, Buruz Burukoa ongi prestatzea da Ezkurdiaren hurrengo erronka.