Eskalada

Mank-en eskalada hastapen ikastaroa maiatzean izango da

Guaixe 2021ko mai. 3a, 12:20

Uharte Arakilen edo Eginon izanen da, maiatzaren 21ean, 22an eta 23an, eta izena ematea zabalik dago

Sakanan eskaladan aritzeko makina bat toki eder daude, mendi eta arkaitzez inguratuta baikaude: Ziordia, Olazti, Urdiain, Uharte Arakil, Zuhatzu, Irurtzun… Eskaladak izugarri erakartzen du, baina sarritan kirol honetan asteko lehen pausua ematea kosta egiten da, materiala eta  esperientzia duen norbaiten argibideak behar direlako. Hain zuzen ere, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak horregatik antolatzen du eskalada hastapen ikastaroa. Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak aipatu duenez, harrera bikaina izaten du. “Oso ongi pasatzen dute. Eskalada zer den ikusi eta probatzeko aukera dute;, lehenengo hurbilketa izaten da” dio teknikariak. 

14 urtetik gorakoendako
Aurtengoa maiatzaren 21ean, 22an eta 23an izanen da, eta izena ematea zabalik dago, maiatzaren 14ra arte edo lekuak agortu arte, Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa 39 eurokoa da eta 14 urtetik gorakoei zuzendua dago. 

Teoria eta praktika
Ikastaroa esperientzia zabala duen Ion Gurutz Lazkoz Martinez eskalatzaile arbizuarrak gidatuko du. Helburua haitzean eskalatzeko oinarrizko ezagupen eta teknikak lortzea da. Arnesa, katuak eta kaskoak behar dira, eta norbaitek ez baditu, antolakuntzak utziko dizkio. Maiatzaren 21ean 18:00etatik 20:00etara arlo teorikoa landuko da Mankomunitatearen egoitzan, Lakuntzan. Eta maiatzaren 22an eta 23an, goizeko 10:00etatik 18:00etara arlo praktikoan murgilduko dira, Uharte Arakilen edo Eginon.