Erreserban gelditutako 2017ko dirulaguntzak orain iritsi dira

Guaixe 2021ko mai. 3a, 14:03
Urritzolako Kontzejuak argiteria publikoa dagoeneko berritua du. Artxiboa.

Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planean jasotako lehendabiziko 120 ekintzen artean daude Sakanako zazpi lan. 2017-2019ko planean onartu ez ziren eta erreserban dauden egitasmoak dira. Batzuk egin gabe daude, baina beste herri batzuetan lanak dagoeneko eginak daude.

Udalek eta kontzejuek herrietan lanen bat egiteko ezinbestean Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak behar izaten dituzte. Lanak egiteko aurretik proiektua aurkeztu behar diote foru administrazioari eta gero hark inbertsio planetan sartzen ditu, edo ez. Ibarreko udalek eta kontzejuek 2017-2019 Tokiko Azpiegitura Planerako makina bat lan egitasmo aurkeztu zituzten 2017ko hasieran. Baina Nafarroako Gobernuaren dirua mugatua denez, batzuk aukeratu zituen eta beste proiektu batzuk erreserban gelditu ziren. 

Orain, foru administrazioak erreserban zeuden 120 lanendako dirulaguntzak eman ditu. Sakanako bost udalek eta kontzeju batek guztira 1.086.112,58 euroko inbertsioa egiteko laguntza jasoko lukete. Nafarroako Gobernuak, behin behinean, 702.542,7 euro bideratuko lituzke lan horiek egiteko. 2017an onartu ez zitzaien finantziazioa beste bide batzuetatik lortu eta toki erakunde batzuek proposatutako lanak eginak dituzte, edo egoera aldatu zaie. 

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazio eta Despopulaziorako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 9,21 milioi euro inbertituko ditu Nafarroako 90 herritako udal azpiegiturak hobetzeko. Bernardo Ziriza Perez Lurralde Kohesiorako kontseilariak jakinarazi duenez, hurrengo hilabeteetan dirulaguntzen kopurua 16,6 milioi eurora arte iritsiko da, herrietan antzeko lanak egiteko laguntza gehiago banatuko baitituzte. 


Inbertsioak 
Urritzolako Kontzejuak argiteria publikoa berritzeko 10.550,40 euroko proiektua aurkeztu zuen 2017an. Aurrekontua ordaintzeko Nafarroako Gobernuak 6.330,24 euro eman dizkio orain. Baina joan den urtean jarri zituzten LED argiak herrian eta lehen hilabetero 100 euro pasa pagatzen bazituzten, gaur egun 30en bat pagatzen ditu kontzejuak.   

Irurtzungo Udalak bi eraikinetan hobekuntza lanak egiteko dirulaguntza jaso du. Bien aurrekontua 87.689,98 eurokoa da. Alde batetik, Atakondoa eskola publikoaren inguratzailea hobetzera 56.104,54 euro bideratuko ditu eta haietatik 39.273,18 foru administrazioarenak izanen dira. Aitor Larraza Carrera alkateak jakinarazi duenez, lanak udan eginen dituzte eta, horrela, berogailuan aurreztuko dute. Bestetik, kiroldegiaren iparraldeko fatxadan hezetasun arazoak zeuden eta Irurtzungo Udalak estaldura bertikala hobetu zuen 2017an. Orain foru gobernuak 31.585,44 euro aurrekontua zuten lanetarako 22.109,81 dirulaguntza onartu du. Baina, alkateak jakinarazi duenez, azken laguntza hori ez du udalak jasoko. 

Irañetako Udalak 29.704,99 euroko aurrekontua aurkeztu zuen herriko argiteria berritu eta LED argiak jartzeko. Foru administrazioak 17.822,99 euro ematea aurreikusi du orain. Baina bonbilla gutxi batzuk ezik, Irañeta gehiena dagoeneko LED argiekin argiztatuta dago joan den urtetik. Udalak horretarako 19.500 bat euro bideratu zituen, Nafarroako Gobernuak udalei despopulazioari aurre egiteko (16.518 euro) eta pandemiak eragindako gastuei aurre egiteko (3.000 bat euro) emandako dirulaguntzekin pagatu zuena. 


Uharte Arakilgo Udalak Errekalde kaleko sareak eta zoladura berrituko ditu autobus markesinatik ibairaino. Lanek 703.884,42 euroko aurrekontua dute. Sareak berritzeko lanek 292.560,12 aurrekontua dute eta Nafarroako Gobernuak 204.792,08 euroko ekarpena eginen du. Herriko kalerik luzeenaren (325 bat metro) zoladura lanek 411.324,30 euroko aurrekontua dute. Haietatik, foru administrazioak 349.625,66 euro emanen ditu. 

Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu duenez, “hiru hilabete ditugu lanen proiektua egiteko. Nafarroako Gobernuak orain hartutako erabakia denez, lan horiek ez ditugu aurrekontuan jasota. Lanak noiz eginen diren ez dakigu oraindik, baina, horren arabera, aurtengo aurrekontuak moldatu edo hurrengoetan jaso beharko lirateke lanak”. Hala ere, alkateak beste hausnarketa egin du: “Proiektu erakargarria egin nahi genuke. Berrituko den Alde Zaharreko lehen kalea da eta hurrengoen berritzea markatuko du. Horregatik, uhartearren parte hartzea beharrezkoa litzateke, nolako kaleak nahi ditugun jakiteko. Pandemia egoerak kezka sortzen digu, baina iritziak jasotzeko moduren bat bilatu beharko dugu”. 

Bakaikuko Udalak ikastetxeko estalkia berritzeko 71.341,7 euro bideratzea aurreikusi zuen 2017ko hasieran. Gobernuak horretarako 49.939,19 euroko ekarpena egitea erabaki du orain. Udaletik azaldu dutenez, eskaera aspaldi egina zuten eta dirulaguntza orain jasotzeak ezustean hartu dute. 

Altsasuko Udalak 182.941,09 euro aurreikusi ditu udaletxeko eranskinean inguratzaile termikoa-irisgarritasuna-ebakuazioa hobetzeko. Nafarroako Gobernuak lan horietarako 12.649,55 emanen dizkio.