Gurasoendako sexu heziketa ikasgaia

Guaixe 2021ko api. 29a, 19:59
Irurtzundarrak udaletxe ondoko jolas parkean. Artxiboa.

Ikastaroa izanen da maiatzaren 10ean, 17an eta 24an, astelehenak, 16:00etatik 17:30era, kultur etxean. Izen ematea astelehenean despedituko da.

Irurtzungo eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Atakondoa eskola publikoko guraso elkartearekin batera,  eskualdeko gurasoei zuzendutako sexu heziketa gurasoendako tailerra antolatu du. Gizarte Zerbitzuetako Iosune Zabalak azaldu duenez, “sexualitatea gure bizitzaren barruan dago. Familiatik hasita, gure seme-alabak sexualki hezten ditugu; gorputzaren bitartez, maitasuna adieraziz, sexualitateari dagokion hainbat galdera eta egoerekin, sexu ezberdineko harremanak…Baina, batez ere, garen bezalakoak izanda, nola ikusten dugun bizitza, harremanak eta sexualitatea”.

Horregatik, antolatutako tailerrean hiru gai aztertuko dira: sexualitatea nola ulertzen dugun; adin ezberdinetan sexualitatearen garapenaren ezaugarriak eta sexualitatearekiko jarrerak. Ikastaroa Sakanako Sexu eta ugalketa-osasunerako zentroko Jésu Baena sexologo eta erizainak emanen du. Saioak maiatzaren 10, 17 eta 24an izanen dira, astelehenak, 16:00etatik 17:30era, Irurtzungo kultur etxean. 

Tailerrak egiteko, Osasun Departamendutik emandako gomendioak jarraitu dira, segurtasun neurri guztiak kontuan hartuz. Besteak beste, edukiera mugatua izanen da, beraz parte hartzeko, Gizarte Zerbitzura hots egin 948 600 694 telefonora, edo ssbirurtzun@gmail.com helbidera mezu bat bidali izena emateko. Astelehenean despedituko da epea.