Nafarroaren burujabetzaren aldeko mugimendua sortu dute

Guaixe 2021ko mai. 5a, 10:40
Nafarroa Berriz Altxa ekimenaren aurkezpenean Amagoia Susperregi azalpenak ematen.


Nafarroa Berriz Altxak erabakiak Nafarroan hartzeko “beharra” aldarrikatu du. Garagartzaroaren 19rako manifestazioa deitu du Iruñean. 73 sustatzaileen artean lau sakandar daude.

Herrialdeko historiari keinu ugari eginez aurkeztu zuen bere burua Nafarroa Berriz Altxa ekimenak Iruñeko gotorlekuan. Han bildutakoek nafarrei dei egin zieten “berriro ere elkarrekin altxa gaitezen gure subiranotasunaren alde, hori baita Nafarroa justu eta aske baten lanabes eta sehaska bakarra”. Amagoia Susperregi eta Joseba Compains bozeramaileek adierazi zutenez, “gure askatasunak babestu nahi ditugula adierazteko bildu gara. Izan dugun bidegurutze historiko orotan ezin konkistatuzko gure subiranotasuna azaldu dugu gure ekintzen eta borroken bidez eta sortzetiko errebeldia horrek, fosilduta egotetik urrun, bizi dugun orainaldi honetaraino ekarri du nafar herria”. 

Garagartzaroaren 30ean 500 urte beteko dira Noaingo bataila izan zenetik, Nafarroako Erresumak bere okupatutako lurraldea askatzeko ahalegina egin zuenetik. “500 urtetik gora dirauen konkistaren ondoren, oraindik orain, egunero erantzuten diogu oraindik ere Nafarroa Espainiaren kide izateko proiektuari. Nafarroa ez baita ez orain ez inoiz Espainia izan eta ez da sekula izanen” adierazi zuten bozeramaileek. 

COVID-19ak eragindako osasun krisiak “berriz ere, Madrilen agintzen zuenaren menpe izan gara berriz. Erabaki eraginkorrak hartzeko subiranotasunik ez izateak dakartzan kalteak”. Horregatik nahi dute “beren etorkizunaren jabe bakarrak diren nafarrak” izatea, “askatasunez eta subiranotasunez adostu eta gauzatzeko”. Horregatik, garagartzaroaren 19an Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute. Nafarroa berriz altxa, burujabetza askatasuna da leloa izanen du. Aurretik, maiatzaren 22an, aurkezpenak eginen dituzte herrietan. 

Sinatzaileak
Manifestua sinatu dutenen artean lau sakandar daude: Txiki Iriarte Espinal irurtzundarra, Iñigo Orella Altzueta etxarriarra eta Izaskun Etxebarria Zufiaurre eta Maria Luisa Barandiaran Bengoetxea altsasuarrak.