Osasun zerbitzu egokiaren aldeko 671 sinadura

Guaixe 2021ko mai. 5a, 08:53
Gaur, 11:00etan, Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun etxeen parean kontzentrazioak eginen dira.

Altsasuarren, olatzagutiarren eta ziordiarren artean jaso dituzte lehen mailako osasun zerbitzu egokia eskatzeko. Osasunbideari aurkeztu dizkiote eta mobilizazioekin segituko dute.

Aldian aldian mediku berri bat. Hori onenean; txarrenean, medikurik ez. Otsailean hala gertatu zen, Altsasuko oinarrizko osasun eskualdean sei medikutatik hiru falta izan zirenean. Horregatik, osasun zerbitzuen erabiltzaile diren herritarrei eta profesionalei “errespetua” eskatzeko ekin zioten sinadura bilketari Burunda mendebaldean. Martxoaren 22an hasi zuten bilketa eta Osasunbidearen Iruñeko erregistroan 671 sinadura aurkeztu zituzten asteartean. 

Sinadurak biltzen egon direnen artean dago Fernando Iriarte. Berak esan duenez, “gauza gutxi aldarrikatu ditugu. Ezinbestekoa da errespetua. Ez dago errespeturik, ez dago ezer ez”. Zerbitzua hobetzea nahi dute. “Osasun etxean edo kontsultategian arreta egokia jasotzea, bai administrazioan, harreran edo medikuengatik”. Horretarako, ezinbestekoa jotzen dute langileen plantilla handitzea eta bajan dauden langileen lanpostuak 24 ordutarako beteak egotea. 

Pandemiak aurrez aurreko kontsulten ordez telefono bidezkoak ekarri ditu. Eta sinatzaileek, atzera ere, aurrez aurreko osasun atentzioa eskatu dute. “Telefonoko kontsultekin jendea erreta dago”, esan du Iriartek. Aldi berean, 671 sinatzaileek, medikuek kartilla kopuru txikiagoa izatea eskatu dute, horrela, gaixo bakoitzarekin gutxienez 10 minutu egoteko aukera izan dezaten. “Denak ez gara berdinak, eta kontsultan behar den denbora egon beharko genuke”. Osasun Kontseilua berriro martxan jartzea ere exijituko dute.

Mobilizazioak 
Nafarroako Osasun Plataformak deituta gaur, 11:00etan, osasun etxeen parean kontzentrazioak eginen dira. Maiatzaren 9an, igandean, auto karabana eginen da lehen arretako osasun zerbitzua hobetzea eskatzeko. Iruñean eginen da, baina herrietatik hiriburura ere joanen dira. Azkenik, maiatzaren 15ean, Iruñean manifestazioa egonen da. 

Erlazionatuak