Aizaga Z. P. eta Haizea R. de Alda P.

"Herri bakoitzak bere aldarrikapena edo ametsa islatuko du"

Guaixe 2021ko mai. 5a, 09:05

Aizaga Zeberio Petriati eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta.

Martxoaren 20tik maiatzaren 30era kutxa bat eskuz esku dabil. Geldialdia egiten duen herrietan mezuak jasotzen ari da eta heldu den ostiralean Sakanara iritsiko da. Oztopoak oztopo ozen diote: “Bizi gira… Kutxa bira!”. 

Kutxa Bira izena du aipatu ekimenak. Hari harrera egiteko taldeak sortu dira geldialdia eginen den herrietan. Sakanara ostiralean iritsiko da eta Altsasun eta Arbizun geldituko da. Bi herrietan lantalde bana sortu da harrera behar bezala antolatzeko. Aizaga Zeberio Petriati eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta antolakuntza taldeko kideak dira.

Zer da kutxa bira?
Haizea. Kutxa Bira da Iparra Hegoa elkarteak abian jarritako ekimen bat. Denok dakigun bezala, aurten pandemia dela eta bertan behera gelditu behar izan dira hainbat jai: Korrika, Nafarroa Oinez, Nafarroaren Eguna, Durangoko Azoka… Jai horiek oso garrantzitsuak dira, besteak beste, euskara edo euskal kultura sustatzeko. Edo herri bat garela, kontzientzia hori indartzeko. Jai horiek guztiak bertan behera gelditzeak hutsune bat utzi digute eta hori betetzeko abian jarri dute aurten Kutxa Bira izeneko beste ekimen bat. Protagonista egurrezko kutxa bat da, barruan Amets Arzallusek idatzitako mezu bat daramana. Helburua Euskal Herri guztiari buelta ematea izanen da. 

Zer da Iparra Hegoa elkartea zer da? 
Aizaga. Duela 25 bat urte sortu zen elkartea. Uste dut bere garaian sortu zela Urruñako eta Segurako hainbat herritarren ekimenez. Beraien artean harremanak zeuzkaten eta elkartea sortu zuten. Helburua euskal kultura eta euskal naziotasuna sustatzea da. Iparra Hegoaren daukadan erreferentzia da urte askotan Seguran egiten zela Euskal Aste bat edo. Baina uste dut urte hauetan beste hainbat herrietan ere beste hainbat ekimen ere antolatu izan dituztela. 

Zein helburua dauzka Kutxa Birak? 
H. Kutxa Birak aldarrikatzen duena da Euskal Herri euskaldun bat, batu bat eta libre bat. Kutxak Euskal Herriari buelta emanen dio. Herri bakoitzean Amets Arzallusen mezuarekin batera beste mezu bat sartuko da, herri bakoitzak bere aldarrikapena edo ametsa islatuko du. Beraz, alde batetik, euskara, euskal kultura eta herria, baina, baita herri bakoitzaren ametsa ere.  

Orduan kutxan gauzak gordeko dira. 
H. Bai. Alde batetik, kutxa abiatu zen Amets Arzallusek idatzitako manifestu batekin. Eta geldialdia egiten duen herri bakoitzean beste mezu bat gehitzen zaio; herri horretan sortutako aldarrikapen edo amets bat. Eta maiatzaren 30ean, Segurara iritsiko denean, denak irakurriko dira. 

Beraz, iristean mezuren bat sartzea tokatzen da. Sakanara noiz iritsiko da? 
H. Ostiralean, Altsasura 17:00etan iritsiko da, Aguraindik pasako digute lekukoa. 

A. Altsasutik Arbizura eramanen dute eta Arbizura 19:00etan iritsiko da. 

Eta zer eginen da? Harrera?
H. Hori da. Hainbat taldetako ordezkarirekin taldetxo bat biltzen aste batzuk daramagu. Etortzen dira: Iñigo Aritza ikastolako, Zelandi eskolako eta Sagrado Corazon ikastetxeko irakasle eta gurasoak, AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Altsasu Kantuz, Erkudengo ama abesbatza, Zangitu fanfarrea, Altsasuko gaiteroak, Etorkizuna dantza taldea, Altsasuko Gazte Asanblada eta Altsasu gurasoak eta gazteak. Denon artean antolatu dugu egitarautxo bat. 

Bigarren geldialdia Arbizun. 
A. Egia esan, Arbizun ez daukagu ezer itxita, ezer zehaztuta. Gaur, 18:00etan, harrera prestatzeko bilera irekia deituta dago. Udaletxeko batzar gelan izanen da bilera. Denen artean ekimenari zer forma eman zehaztuko dugu. Ordu bateko kontu bat izatea aurreikusten dugu. 

Kutxa Birak segida du. Arbizuarrei hurrengo geldialdira eramatea tokatuko zaizue? 
A. Hori da. Guri tokatuko dakigu Garesera eramatea, hurrengo egunean, 17:00etarako. 

Kutxa Bira kanpora ere badoa, ezta? 
A. Aurkezpen ekitaldian esan zuten berez kutxak zortzi herrialdeak zeharkatuko ditu; zortzigarrena diaspora dela kontuan hartuta. Hain justu martxoaren 20an abiatu zen Argentinako Viedmatik. Nolabait keinu bat egin nahi zitzaielako Euskal Herritik kanpo bizi diren euskal herritar guztiei. Haiek barne bildu dituen ekimen bat da. 

H. Eta hemendik pasa ondoren Bartzelonara ere joanen da maiatzaren 13tik 16ra. Frantziara ere joan zen, Réauko espetxetik pasa zen. 

Kutxa Birak bide bat egin du. Beste herrietan egin dutena ttuttuka egon zarete? 
A. Bideo pila bat ari dira bidaltzen eta, tarteka, bakarren bat ikusten duzu. 

H. Azkenaldian Gipuzkoatik iritsi dira bideo batzuk. Ikusten da txoko guztietako jendea mugitzen ari dela kontu honekin. 

Kutxa Bira gauza puntuala izanen da? Edo betirako? 
H. Antolatzaileek hasieratik esan zutenez, printzipioz, urte baterako kontua zela. Pentsatu nahi dugu urte baterako dela, horrek esan nahiko duelako hurrengo urtean beste betiko jai horiek izanen ditugula. Interesgarria litzateke, nahiz eta aurtengo kontua izan, gero jarraipena emateko moduko zerbait izatea. Adibidez, Altsasun aukera ematen ari da ikastetxeetan ikasleekin gaia lantzeko. Eta interesgarria izanen litzateke behin Kutxa Bira pasata ere bai euskararekin, bai lurraldetasunarekin gauzak egiten jarraitzea.