CNTk "ekintza zuzeneko sindikalismoa" aldarrikatuko du

Guaixe 2021ko api. 30a, 12:37

CNTren Maiatzaren 1eko pankartak presatzen. @CNTSINDIKATUA

Tafallako Foru plazatik, 11:30ean, abiatuko da CNTren manifestazioa.

CNTk Tafalla aukeratu du aurten Maiatzaren Lehena ospatzeko. Sindikalismo gehiago, duintasun gehiago leloa aukeratu dute anarkosindikalistek biharko. CNTko kideen iritziz, “COVID-19ren osasun-krisiaren ondoren, aurrekaririk gabeko larritasunez agerian geratu dira gure gizartearen gaitzik okerrenak. Desberdintasun sozial eta ekonomikoak hainbesteko gogorkeriaz azaleratu dira, non bizi garen egungo sistema ekonomikoaren aurpegirik txarrena erakutsi diguten”. Sindikalisten iritziz, “egiaztatu ahal izan dugu langile-klasea babesteko neurri sozialak ez direla nahikoak izan. Joan den urtean ekonomia gelditu zenean ikusi genuen milaka pertsonak lan prekarioak galtzen zituztela, edo, besterik gabe, ezin izan zutela lortu herrialde honetan milaka familiak irauten duten ezkutuko ekonomia”. 

Jendeak jatekoa eskatu duela gaztigatu dute CNTtik: “egoera horren aurrean, elikagai-bankuak, auzo-sare lagungarriak eta sindikatuak aktibatu ziren, oinarrizko premiak hornitzeko elkarlanean. Beste behin ere, elkarren arteko babesak eta elkartasunak konponbide eraginkorragoak jarri zituzten herriaren aldetik”. Bestalde, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak lantokietan ezarri eta lanpostuak salbatu badira ere, CNTk salatu duenez, “enpresa askoren gehiegikeriei eta iruzurrei aurre egin behar izan diegu: etxetik lan egitea eskatzen zitzaien plantillak, nahiz eta ERTEak izan, derrigortzeak eta lanpostuak uzteko presioak, eta ez zuzenean kaleratzeak inolako lotsarik gabe”. Testu inguru horretan “enpresa handiek eta era guztietako multinazionalek kaleratze masiboak bizkortu dituzte, enplegua suntsituz eta gure ekonomiaren desindustrializazioa azkartuz. Bestalde, beste industria mota batzuetan azpikontratazioa areagotu egin da, eskulanari baldintza okerragoak aplikatuz, enpresa-batzordeen onespenarekin”.

Horren guztiaren aurrean, CNTk “herri honetako langile klaseari duintasuna itzuliko dion ekintza sindikala aldarrikatzen du. Soldata igoera errealak defendatzen dituen sindikalismoaren papera aldarrikatzen dugu, jendearen erosteko ahalmena hobetzen duena, enpresetan benetako berdintasuna defendatzen duena”. Anarkosindikalistek gaineratu dutenez, “ez dugu hitzarmenik egin nahi, jendea antolatzea eta borrokatzea nahi dugu, eskubide eta duintasun gehiago lortzeko. Eta benetan uste dugu CNT osatzen dugunon ekintza zuzeneko sindikalismoak gizateriaren baliorik onenak, elkarrekiko laguntza eta elkartasuna adierazten dituela”.