CCOOk eta UGTk “politika aurrerakoien garaia” dela nabarmendu dute

Guaixe 2021ko api. 30a, 13:27
Nafarroako CCOO eta UGTko kideak biharko manifestaziora deitzen.

Bihar, 12:00etan, Iruñeko Merindade plazatik abiatuko da bi sindikatuen manifestazioa.

CCOO eta UGT sindikatuek mobilizatzeko deia egin diote Nafarroako gizarteari eta, horretarako, Orain betetzea tokatzen da leloa duen manifestazioa antolatu dute. Sindikatuetatik argudiatu dutenez, “Nafarroak zorra du bere langileriarekin; horregatik, orain politika aurrerakoiak egin behar dira, orain enplegua bete eta babestu behar da”. Espainiako Gobernuari legegintzaldi hasieran hartutako “konpromisoak” betetzeko eskatuko diote kalean, besteak beste, lan erreforma bertan behera uzteko, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) igotzeko eta pentsioen erreforma ere bertan behera uzteko eskatu diote.

Chechu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak adierazi duenez, pandemia garaian “berdintasunari, demokraziari eta sindikatuen eta zerbitzu publikoen zereginari buruzko eztabaida garrantzitsuak berpiztu dira, eta eskuinaren eta eskuin muturraren babesarekin, sendotuak uste genituen aurrerapausoak zalantzan jartzen ari dira”. Rodriguezek gaineratu duenez, “ez diogu ultraeskuindarrari gure elkarbizitza mehatxatzen utziko. Askatasuna letra larriz defendatu behar da. Demokraziak eta elkarbizitzak lehen mailako aldarrikapen sozial bihurtu behar dute. Gure bi sindikatuen historia eta ezagutza guztiak berdintasunezko gizartea eraikitzeko balioko du”.

Bestalde, Jesus Santos Nafarroako UGTko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, Covid-19k eragindako krisiari aurre egiteko “une garrantzitsua da, langileen interesetatik gutxi gorabehera hurbil dagoen ikuspegia zehazteko, orientazio soziala duena”. UGTko buruzagiak adierazi duenez, “Gobernuak hartutako neurriek orientazio soziala eta langileen babesa izan dute, eta sindikatuekin negoziatu eta adostu da”. Hala ere, gogora ekarri du Espainiako Gobernuak programa politiko baten bidez ekin ziola bere ibilbideari, eta programa horrek jasotzen zuela LGSren igoera eta lan-kontratuena indargabetzea, baita pentsioena ere. Santosek onartu du “Gobernua politikarien eta botere ekonomiko eta mediatikoen presio handien menpe” dagoela. “Konbikzioz eta irmotasunez aldarrikatzea eta konpromisoak betetzeko eskatzea dagokigu”, adierazi du Jesus Santosek.

Nafarroako Gobernuari ere aipamenak egin dizkiote sindikatuek, besteak beste, Europako berrindartze funtsak aprobetxa ditzala eskatzeko, “itzulkin sozial iraunkorra” izan dezaten. Bi sindikatuek gobernuei eta patronalari akordioetarako duten prestutasuna adierazi diete. 

Jesus Santosen hitzetan, "Nafarroako eta Espainiako Gobernuek eta patronalak badakite bi sindikatuok eskua luzatuta daukagula ezinbesteko akordioak lortzeko", baina ez diote hartutako konpromisoak betetzea eskatzeari uko egingo. "Gure lan eskubideak eta hitzarmen kolektiboak negoziatzeko gaitasuna bueltatu iezazkiguzue, eta guk hazkunde ekonomikoa gure lanarekin sendotuko dugu, baina berdintasunez eta justiziaz”, azpimarratu du.