Aldaketa gauzatzeko presioa egiteko beharra azpimarratuko du ELAk

Guaixe 2021ko api. 30a, 13:47

Saioa Urriza eta Imanol_Pascual ELAko kideak biharko mobilizazioan parte hartzera deitzen.

Iruñean, 11:30ean, Gurutze plazatik abiatuko da manifestazioa, bat eginen duena garbiketa sektoreko langileek eta egoitzetako langileek Merindade plazan eta Behe Nafarroa eta Paulino Caballero kaleen bidegurutzean 11:30ean eginen dituzten kontzentrazioekin. 

Maiatzaren Lehenerako ELAk Aldaketa garaia da lelo aukeratu du. “Baina aldaketa horiek egi bihurtzeko presioa egiten jarraitu behar dugu: bai kalean, bai lantokietan”, gaineratu dute sindikatutik. Biharkoan ELAk aldaketa aldarrikatuko du lan erreformaren indargabetzea eta zerga sistemaren erreforma ardatz hartuta. Izan ere, sindikatuan uste dute pentsio publikoen alde egiteko eta lan erreforma indargabetzeko garaia dela, baita lan hitzarmenak bertan negoziatzeko aukera izatekoa ere, horrela, enplegua suntsitu ordez salbatu dadin. 

ELAko kideek azaldu dutenez, “pandemiak inoiz baino ageriagoan utzi du eraldaketarako premia, milaka lagunen osasuna eta ekonomia egoera mehatxupean baitago, bereziki, emakumeena, eta gizarte desberdintasunak areagotzeko bidean dira”. Horregatik, “zirt edo zart egiteko garaia da. Datozen aste eta hilabeteetan hartuko diren erabakiek markatuko dute krisialdiari zer nolako irteera emanen zaion”. 

Bestalde, ELAtik gaztigatu dute Europa Funtsak “tranpa” bat direla. “Funts horiek murrizketak eragingo dituzte. Bruselak emandako aginduei jarraituz, Espainiako Gobernuak pentsioak urritu nahi ditu eta erretiroa hartzeko aukera atzeratu”. Izan ere, “Europako Batasunaren trantsizio ekologikoa delakoak multinazionalen makroproiektuak lehenesten ditu, murrizketak eta austeritatean oinarritutako aurrekontu-politikak ezartzearen truke”.

Erreformak 
Sindikatuarendako “lan erreforma bertan behera uztea ezinbestekoa” da. Eta gogora ekarri dute azken hilabeteetan hainbat enpresatan greba egin dutela (Defontaine Iberica, HyM...) “etekinak lortzen dituzten enpresek jendea kaleratzen ari direlako, euren neurrira egindako legedia baliatuz”.  Egoera horren aurrean, lan arloko lege horiek indargabetzeko eskatu du ELAk. “Patronalak eta Espainiako Gobernuak uste dute lan erreforma ez dela indargabetu behar, ez delako une egokia. Pandemia da orain aitzakia. ELAk, aldiz, uste du hori ere badela arrazoia lan erreformak indargabetzeko, milaka langile ez daitezen kaleratuak izan enpresek nahi bezala”.

ELAtik ezinbesteko jo dute zerga erreforma egitea “bizi dugun krisiari erantzuteko. Bestela, krisiari emanen zaion irteerak desberdintasunak areagotuko ditu. Halako erreformarik gabe, zorra ordaindu beharraren lehentasunak ezinbestean murrizketa gehiago ekarriko baititu”. ELAk proposamenean jaso denez, gehiago ordainduko dute errenta altuek, enpresen etekinek eta ondare edo fortuna handiek”.

Pandemiak eragindako krisiak “bizitzaren, osasunaren eta berdintasunaren aurrean kapitalismoaren irrazionaltasuna eta injustizia nagusitu” dela gaineratu dute. Horren adibide gisa txertoak eta haien patenteak jarri dituzte. Azkenik, sindikatuak Nafarroako Gobernuari leporatu dio “krisialdi honetatik ondoriorik ateratzeko gauza” ez izatea. “Zaintza sektorea publikatzea, Osasunbidea indartzea, Hezkuntza sistema hobetzea edo krisiak eragindako pertsona eta sektoreei babesa ematea… Halakorik ez dago Chiviteren agendan”.