LABek aldaketa helburu, mobilizazioa indartzeko apustua berretsi du

Guaixe 2021ko api. 30a, 14:01
LABek Altsasun manifestazioa eginen du bihar.

Altsasun, 18:00etan, Nettotik abiatuko da LABen manifestazioa. Perimetro itxieragatik Arbizun, 12:30etan plazan, eta Etxarri Aranatzen, 19:00etan, plazan kontzentrazioak eginen dira.  

Aurtengo Maiatzaren Lehenerako LABek Aldaketa da aukera! leloa aukeratu du. Sindikatutik esan dutenez, “elite ekonomikoek eta politikoek beti irabazten duten logika horretaz nekatuta eta nazkatuta gaude. Norabide aldaketa defendatzen dugu, trantsizio ekosozialista eta feminista; garapen paradigma berri bat, demokratikoagoa”. Sindikatuko kideen iritziz, “norabide-aldaketa, trantsizioa, eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea, mundu mailako erronka bat da”.  Hala ere, “alternatiba hori herrialde bakoitzetik bultzatu behar da. Euskal Herrian, Nafarroan, ezkerretik gidatu behar da, langileen parte-hartzearekin eta herri burujabetza prozesuan sakonduz”. Horrela egiten ez bada norabide aldaketarik ez dela egonen ziurtatu dute LABetik.  

Izan ere, LABeko kideen iritziz, “sistema honi ezin zaio eutsi, ez sozialki, ez ekologikoki. Aldaketak saihestezinak dira; jokoan dagoena, eztabaidagai dagoena, aldaketa horiek zein norabidetan egin behar diren da, eta horretara bideratu behar dira politika publikoak. Kapitala edo bizitza aukeratu behar da”. Eta ziurtatu duenez, “Nafarroan ez dago gehiengo instituzionalik norabidea aldatzearen alde”. 

LABeko kideek azaldu dutenez, “Nafarroan ematen diren borroka garrantzitsu guztietan lidergoa hartu dugu, mobilizazio eta greba dinamika bateratuak bultzatuz (interbentzio soziala, garbiketa...)”. Eta joan den asteko LABeko kideen atxiloketak gogoan, Maiatzaren Lehena “aldaketa helburu duen sindikalismo borrokalaria aldarrikatzeko eta mobilizazioan sakontzeko eguna izanen da”. 

Sindemia 
Sindikatuak nabarmendu duenez, “pandemiak agerian utzi ditu bizitzari eusteko funtsezko lanak zeintzuk diren, kasu gehienetan emakumeok egindako lanak izanik, modu prekarioan gauzatzen direnak. Enplegu hori duintzeko neurririk ez dela hartu salatu nahi dugu”. LABen iritziz, “langileon aldarrikapenak agendan kokatu behar dira, eta aldarrikapen horiek lortzeko indar-korrelazio sendoagoa sortu behar dugu. Horretan ari gara”. 

Bizi dugun osasun krisiak “lan-baldintzak eta bizi-baldintzak zeharo okertu” dituela gaztigatu dute LABetik. “Sindemia bihurtutako pandemian kapital handiaren eta elite ekonomiko baten interesak lehenetsi dira. Pandemiari aurre egiteko ez dago osasun publikoan inbertitzearen aldeko apusturik. Erantzukizun politikoak saihestu dira, eta zama guztia herritarren erantzukizunean jarri da, neurriak gogortu eta malgutzearen arteko oreka arriskutsuari eusten saiatuz, eta orain ikusten dugu dena fidatu nahi zaiola txertaketa estrategiari”. 

Sindikatuak biharko Sakanan deialdi zabala egin du, “zabalik dauden borrokak aitortzeko ez ezik, etorriko diren mobilizazio eta greba berriei indarrez ekiteko ere”. Altsasuko Nettotik abiatuko den manifestazioaren bidez “gizartean ditugun hainbat borroka mahai gainera ekarri eta aldaketaren alde indarrak bildu nahi ditugu, datorkigun mobilizazio eta borroka fasean herria prest edukitzeko, izan prekarietatearen aurka, pentsio sistema publiko baten alde, zaintza eta bizitza erdigunean kokatzearen alde, pertsona guztientzat eskubide berdinak…”. LABetik “aldaketaren alde borroka egin nahi duten guztiei”mobilizazioan parte hartzera gonbidatu ditu.