Atzo eta gaur Altsasuko Burunda pilotalekua txertaketa gune bihurtu da atzera ere. 60 eta 65 urte bitarteko altsasuar, olaztiar eta ziordiarrak hara deituak izan ziren txertoa jartzera atzo. Guztira 758 izan ziren deituak eta Astrazeneca txertoa jaso zuten. Gaur, berriz, 70 eta 79 urte artekoen txanda da. 780 hitzordu banatu dituzte eta guztiek Pfizer etxeko txertoa jasoko dute. Gainera, osasun arrisku handia duten pertsona batzuk ere deitu dituzte txertaketa gunetik pasatzera.
Baina horiek ez dira aste honetan Sakanan jarri diren txerto bakarrak. Arrazoi bat edo bestea dela zegokienean txertoa jasotzerik izan ez zuten hainbat sakandarrek ere jaso dute. Asteartean izan zen hori, eta Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun etxeetatik pasa behar izan zuten txertoa jasotzera. Azkenik, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 66 eta 69 urte artekoak heldu den astean txertatzen hasiko dela.