Koronabirusa Sakanan

COVID-19ko 125 positibo gehiago

Guaixe 2021ko api. 30a, 14:58

DYAko anbulantziak Altsasuko egoitza parean. Txertaketa kanpainetan laguntzeko erabili dira. Baita gaixoak ospitalera eramateko.

Apirileko 28ra arte 506 koronabirus kasu zenbatu dituzte. Arbizu eta Etxarri Aranazko perimetro itxiera osteguneko 24:00ak arte luzatu dute.

Apirilaren 15etik 21era 121 COVID-19 kasu zenbatu bazituzten Sakanan, hilaren 22tik 28ra 125 izan dira. Herenegun arte, apirileko lehen 28 egunetan, 506 sakandar gaixotu dira koronabirusarekin. Eta batek baino gehiagok ospitaletik pasa behar izan dute. Bakarren bat, zoritxarrez, hilik bueltatzeko. Pandemia hasi zenetik ibarrean 2.107 sakandar gaixotu dira koronabirusarekin; joan den urtean, bederatzi hilabetetan, 1.170 (%55,52) COVID-19 kasu zenbatu zituen Osasunbideak Sakanan, aurten dagoeneko 937 dira (%44,47). Dagoeneko ibarreko populazioaren %10,39k pasa du gaitza. 

Apirileko lehen 28 egunetan Altsasun 144 koronabirus positibo izan dira eta Etxarri Aranatzen 126. Arbizun 61 zenbatu dituzte eta Irurtzunen 43. Lakuntzan 35 herritar gaixotu dira eta Urdiainen 27. Olatzagutia 17, Iturmendi 11, Uharte Arakil 9, Bakaiku 8, Lizarraga 6, Etxarren 5, Irañeta, 4, Unanu 4, Ihabar 2, Hiriberri Arakil 1, Dorrao 1 eta Lizarragabengoa 1. 

Arbizu
Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, herriko egoera ona dela eta, perimetro itxiera luzatzearen kontra azaldu zen. Baina, azkenean, ostegun gauerdira arte itxita segituko du herriak. Udalak arbizuarrei gogorarazi die gaitzari aurre egiteko eraginkorrak diren neurriak badaudela: eskuak maiz garbitzea; musukoa ondo jantzita erabiltzea birusa behar baino gehiago ez zabaltzeko; toki itxiak ahalik eta gehienetan aireztatzea eta jende multzo handiak toki itxietan ez biltzea, are gehiago, distantziak mantendu gabe eta musukorik jantzi gabe. Aldi berean, norbera eta ingurukoa zaintzeko jokaerak eta jarrerak ere gogorarazi ditu: positibo batekin harremana izan bada norbere burua isolatzea eta froga egitea; sintomarik bada, norbere burua isolatzea eta 112ra edo osasun etxera hots egitea