Atletismoa

June Kintanaren eta Ruben Mendietaren Grupompleok ongi hasi du Liga

Guaixe 2021ko mai. 4a, 13:00
Ruben Mendieta erreleboetan. Argazkia: Grupompleo Pamplona Atletico.

Asteburuan Larrabiden jokatutako Espainiako Ohorezko Mailako Atletismo Ligako lehen jardunaldian emakumezkoetan bigarrena izan zen talde nafarra eta gizonezkoetan hirugarrena. June Kintana disko jaurtiketan onena izan zen (47,83 m) eta Ruben Mendieta laugarren izan zen 800 metrotan eta hirugarren 400 metroko erreleboetan

Aire zabaleko Espainiako Ohorezko Mailako Atletismo Ligako lehen jardunaldia jokatu zen asteburuan Iruñean, Larrabiden. Bertan lehiatu ziren Iruñeko Grupompleo Pamplona Atletico taldeko atletak, June Kintana disko eta pisu jaurtitzaile bakaikuarra eta Ruben Mendieta korrikalari olaztiarra tartean. 

Grupompleokoak ikusgarri aritu ziren, emakumezkoen sailkapenean Grupompleo bigarrena izan baitzen (178 puntu), Atletismo San Sebastian taldearen atzetik (204 puntu), eta gizonezkoetan hirugarrena (181 puntu), Real Sociedad (229 puntu) eta SG Pontevedra (181 puntu) taldeen atzetik. 

June Kintana Larraza atleta bakaikuarra disko jaurtiketan eta pisu jaurtiketan aritu zen. Emakumezkoen disko jaurtiketan txapelduna izan zen Kintana, 47,83 metroko jaurtiketarekin, eta pisu jaurtiketan zazpigarrena, pisua 10,07 metrora bidali eta gero. 

Ruben Mendieta Alegria atleta olaztiarrak ere lan ona egin zuen bere ohiko entrenamendu tokia den Larrabiden. 800 metroko lasterketan podiumera igotzear egon zen Mendieta, laugarren sailkatu baitzen (1:56.44). Parte hartu zuen hurrengo proban lortu zuen podiumera igotzea, 400 metroko erreleboetan Lucas Moreno, Oscar Urdanoz eta Iker Alfonsorekin batera aritu baitzen Ruben Mendieta, eta laukotea hirugarren sailkatu zen (3:20.30). 

Beraz, indartsu ekin dio Aire Zabaleko Espainiako Ohorezko Mailako Atletismo Ligari Grupompleo Pamplona Atleticok.