Pilota

Ezkurdiak irabaziz esan dio agur Binakakoari

Guaixe 2021ko mai. 3a, 08:00

Arbizuko aurrelariak eta Ladis Galarza ordezkatu zuen Tolosak 22 eta 13 irabazi zieten ia ezezagun aritu ziren Elezkano-Zabaletari. Igandean, Bilbon jokatuko den final handian, Elezkanok eta Zabaletak Peña II.a eta Albisu izango dituzte aurkari

Binakako Txapelketari begira larunbatean Labriten jokatutako partidan ez zen ezer erabakitzen, Elezkano eta Zabaleta finalerako sailkatuta zeudelako eta Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarza ordezkatu zuen Xabi Tolosak finalean egoteko aukerarik ez zutelako, baina Arbizuko aurrelariak argi eta garbi esan zuen larunbateko partida berarendako “oso garrantzitsua” zela, “Binakakoa ongi bukatu nahi zuelako, sentsazio onekin”. Eta xedea lortu zuen, partida jokatzeko “ilusioz gainezka” zegoen Tolosaren laguntzarekin. 

Aitortu beharra dago Elezkanok eta Zabaletak ez zutela bere mailarik eman, inondik inora. Orain arte sekulako nagusitasunez eta guztion gainetik aritu diren pilotariak gizakiak direla ikusi ahal izan zen Labriten. Ez ziren fin ibili eta txapelketako euren partidarik txarrena egin zuten. Ez zen euren arratsaldea izan. Aldiz, Ezkurdiak eta Tolosak aurreikuspen guztiak apurtu zituzten eta 22 eta 13 gailendu ziren. 

Etxarrengo atzelariak ez zuen zapalgailua martxan jarri, eta Xabier Tolosa bere pilotakadei aurre egiteko trebe izan zen. Ezkurdia partidako pilotari onena izan zen: Tolosa lagundu zuen, eta Elezkanori gailendu zitzaion aurreko koadroetan. Hirunako berdinketaren ostetik aldea ateratzen hasi ziren Ezkurdia eta Tolosa, eta, azkenean, 321 pilotakada gurutzatu ziren partidan 22 eta 13 irabazi zuten eta Binakakoari duintasunez esan zioten agur. 

Peña II.a eta Albisu, beste finalistak
Atzo erabaki zen, Bilbon jokatutako finalerdian, igandean Bilbon jokatuko den final handian Elezkanoren eta Zabaletaren arerioak nortzuk izango diren. Peña II.a-Albisu edo Altuna-Mariezkurrena, horiek ziren aukerak, eta Baikoko bikoa izan zen gailendu zena. 

Hasieran parez pare ibili ziren bi bikoak, baina Baikoko bikoak 5 eta 12 aurreratzea lortu zuen. Albisuren pilotakadek Altuna desaktibatu zuten, izan ere, hori izan zen Peña II.aren eta Albisuren estrategia: Mariezkurrena lehertzea eta Altuna jokoz kanpo uztea. Gainera, amezketarrak jokoan sartzeko aukera izan zuenean deseroso aritu zen. Albisu ikusgarri aritu zen, eta Baikokoei ongi atera zitzaien estrategia, azkenean finalera sailkatu baitziren Altunari eta Mariezkurrenari 14 eta 22 irabazi eta gero. 

Finala prestatzeko aste eroa
Igandean jokatuko da Binakako Txapelketako final handia, Bizkaia pilotalekuan, 17:00etan (ETB1). Elezkanok eta Zabaletak Peña II.a eta Albisu izanen dituzte arerio. Material aukeraketa ostegunean eginen dutela aurreikusten da.