Txirrindularitza

Igor Arrietaren asteburu bikaina

Guaixe 2021ko mai. 3a, 12:45
Igor Arrieta Urrakin, Unai Iribarrekin. Argazkia: Euskadiko Txirrindularitza Federazioa

Aurten Lizarterekin debutatu duen txirrindulari uharte arakildarra larunbatean 3. sailkatu zen Espainiako Koparako baliagarria zen Santikutz Klasikoan eta atzo 6. izan zen Abiatzen Torneorako baliagarria den Urrakiko Igoeran

Afizionatuetan Lizarte taldearekin debutatu duen Igor Arrieta Lizarragak asteburuan jokatutako bi lasterketetan protagonismoa izan du.

Larunbatean Santikutz Klasikoa jokatu zen Legazpin, Espainiako afizionatuen Koparako baliagarria zen 5. lasterketa, eta oso ongi aritu zen uharte arakildarra. Arrieta ihes eginda zegoen Unai Iribarrekin (Laboral Kutxa) eta Piganzolirekin (Eolo), Aztiriaren igoeran, helmugarako 7 kilometroren faltan Iribarrek erasoa jo zuenean. Iribarrek aurrera egin zuen, eta atzean geratu ziren Arrietari eta Piganzoliri atzetik etorri zen Pau Miquel (Lizarte) gehitu zitzaien. Iribarrek lortu zuen garaipena (3:47:00), Pau Miqueli 3 segundo eta Arrietari 13 segundo aterata. 

Eta atzo, Urrakiko Igoera ezaguna jokatu zen, Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatutako Abiatzen Torneorako baliagarria zen proba. Lasterketa oso gorabeheratsua izan zen, eta, azkenean, Sinuhé Fernandez (Lizarte) eta Pablo Garcia (Rural Kutxa) iritsi ziren batera helmugara (3:34:13), eta esprintean Fernandez gailendu zitzaion Garciari. Lizarteko Igor Arrieta uhartearrak lasterketa bikaina egin zuen eta 6. sartu zen, 17 segundora. Bere taldekide Jon Gil lakuntzarra 38. postuan sailkatu zen eta Laboral Kutxako Ailetz Lasa ziordiarra 60. postuan.