Euskal kulturaren erronkak eztabaidan

Guaixe 2021ko mai. 4a, 12:42
'Hari izpia hartzen' jardunaldiaren aurkezpena Atarrabian. UTZITAKOA

Nafarroako euskara teknikarien sareak, Elkar fundazioak eta Karrikiri topaguneak 'Hari izpia hartzen' jardunaldia antolatu dute. Euskal kulturaren prestigioaren, ikusgarritasunaren eta lurraldearen inguruko hausnarketa sustatu nahi dute

2020. urtean Nafarroan euskal kulturak zituen erronkei buruz hausnartzeko jardunaldiak antolatu zituen Nafarroako euskara teknikarien sareak eta Elkar fundazioak. Besteak beste, euskal kulturaren kontsumoaren kezka, transmisioaren etena, irisgarritasuna, hizkuntza arautuaren falta, eragileak eta dirulaguntza menpekotasuna gaiei buruz hausnartu zuten bertaratu ziren ehun lagun inguruk. Hortik abiatuta eta lehenengo edizioaren arrakasta ikusita, aurten Hari izpia hartzen jardunaldiaren bigarren edizioa antolatzea erabaki dute. Bi saio eginen dituzte: Atarrabian maiatzaren 28an eta Leitzan uztailaren 1ean.

Elkartasunean antolatutako jardunaldiak dira, Atarrabaiako udalean egindako aurkezpenean adierazi bezala. Bertan Mikel Oteiza Atarrabiako alkatea, Joxemari Sors Elkar fundazioko lehendakaria, Castillo Suarez Nafarroako euskara teknikarien sareko kidea eta Sakanako Mankomunitateko euskara teknikaria, Jon Abril Elhuyar fundazioko kidea eta Izaskun Barber Karrikiriko komunikazio arduraduna egon dira. "Poz handia" adierazi du Oteizak.

Prestigioa
"Hizkuntza eta kultur gutxituek gero eta zaitasun gehiago dituzte zabaltzeko. Eskaintza erraldoi horien aurrean ur tanta bat itsaso erraldoi batean dira". Baina zaila izateak ez dauka ezinezkoa izatea esan nahi, Sorsek aipatu duenez. Horretarako euskarak "erabilgarria eta prestigioa" izan behar duela aipatu du. "Bigarren mailakoa bihurtzen gaitu, prestigio gabekoa, eta hori aldatzea zaila da". Ingurukoen pare jartzea ezinbestekoa da, "ikusgarri izanik euskal kultura lor daiteke".

Euskal kulturaren ikusgarritasuna eta prestigioa, beraz, izanen da Atarrabian, maiatzaren 22an, eginen den jardunaldiaren hizgaia. Suarezek azaldu duenez, Oskia Ugarte, Uharteko Arte Garaikideko zentroko zuzendarietako bat da. Prestigioa zer den eta zer ez den azalduko du Ugartek. Aurreratu duenez, hitz malgua da eta "tranpaz betetakoa", eta lortzeko hainbat bide daude. Bigarren hitzaldia Iratxe Retolaza EHUko irakasleak eskainiko du. Literaturan eta pentsamendu feministan aditua da, eta bere gogoeta kultur esperientziek, kultur produktuek eta imajinarioen munduan sartzen laguntzen dutela izanen da. "Nola egin bide horiek euskal kulturatik egiteko".

Azkenengo saioa Bertsozale Elkarteko Oihana Iguaranek eta Eli Iguaranek eginen dute. Hizkuntza eta sustapen ataletan lan egiten dute, eta publiko berria lortzeko egin duten lanaren inguruan hitz eginen dute. Eraldatze prozesu batean murgilduta zeuden, eta pandemiak prozesu horretan harrapatu dituzte.

Kultura eta lurraldea
Leitzan uztailean eginen den saioan kultura eta lurraldea izanen dute hizpide. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak eta kazetariak emanen dio hasiera jardunaldiari. Hizkuntza, kultura eta komunitatearen arteko lotura da bere espezialitatea eta egoera kokatuta "eskatu" diote. "Mundua gero eta indibidualagoa eta uniformalagoa da, eta euskal kultura ez dago kanpoan", aipatu du Suarezek. "Badirudi euskal kultura oraindik ez dagoela hausnartuta. Gogoeta egin behar dugu oraindik". Ondoren, Arantxa Santestebanek eta Marc Badalek hiriko eta landa eremuetako kulturaren inguruan hitz egingo dute. Santestebanek zinemaren munduan lan egiten du, Badal Luzaiden bizi den katalana da, eta Kanpo bulegoa erakundeko kidea da. Landa eremua eta kulturaren arteko loturaz ikertzen ari da Badal. "Landa eremua hiritik definitu dela dio, eta landa eremuan bizi direnak harreman desorekatu horiek hautsi eta beraien nahiak eta abar entzun behar dituzte", aurreratu du Suarezek.

Hausnarketarako jardunaldia da Hari izpia hartzen, eta Jon Abrili dagokio eztabaiden gidaria izatea. Ikusgarritasuna eta prestigioaren inguruan Atarrabian eginen diren saioetan abiapuntua aurreko urtek edizioan ateratako ideiak izanen dira: ikusgarritasuna lortzeko eskuragarria izan behar duela, erreferenteak sortzearen garrantzia, bizipenak lortzearen beharraz, eremu digitalaren beharraz eta abar. Erantzunak hitzaldien bidez lortuko dituzte. Iaz jarritako haziak "sakontzen eta kontzeptualizatzen" jarraituko dute aurten, "gero proiektuak bihur daitezkeen" gauzak sortuz, Abrilek azaldu bezala. Leitzan "tokian tokiko kultur ekosistemak sortzeko eta kultur eremuak hezkuntzara gerturatzeko" ideiak landuko dituzte. Kultur kontsumoa areagotzeari buruz hausnartuko dute ere. Helburua, betiere, "elkarrizketa eta eztabaida bideratzea da.

Izena ematea zabalik dago hariizpiahartzen.eus webgunean.