ESK, Steilas eta CGTk aldaketarako “borondate politiko falta” salatu uzten

Guaixe 2021ko mai. 4a, 13:23
ESK, Steilas eta CGTk Iruñean egin zuten ekitaldia larunbatean. Argazkia: @cgtnafarroa.

ESK, Steilas eta CGTko kideen iritziz “borondate politikoaren kontua da lan-erreformak behingoz indargabetzea, pentsiodunek bizitza duinak izatea bermatuko duen pentsio-sistema publiko bat defendatzea eta pentsioetako genero-arrakala berehala bukatzea”.

Maiatzaren Leheneko manifestazioan ESK, Steilas eta CGT sindikatuetako ordezkariek adierazi zuten, “nazkatuta” daudela “normaltasun berriarekin, sistema honekin, eta dena aldatzeko gaude hemen, normalena izan dadin bizitzek beren onurak baino gehiago balio izatea, gure bizitzek egon behar dutela erdigunean eta denok, gatozen lekutik gatozen guztiok geratuko garen sistema bat nahi dugula”.

Hiru sindikatuen iritziz “pandemiak elkartasunaren balioa erakutsi digu, gauzak elkarrekin egiten ditugunean dugun indarra, haiek, gure kideak, direla bizitzari eusten diotenak, publikoaren balioa, inor atzean utziko ez duen kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoaren garrantzia eta zaintza-sistema publiko bat sortzeko beharra”.

Estatuak Aldi Baterako Lan Erregulazioen bidez “milaka milioi euro mobilizatu ditu. Nahiz eta lasaitua izan zitekeen, zenbait enpresarendako ez, beste hainbeste diru-kutxa arpilatzeko aprobetxatzen ari dira. Laguntza orokortu horrek elkarrekikotasun-klausula bat izan behar zuen, baina enpresa bakar batek ere ez du mailegatutako dirua kontrataziotan itzultzen edo banatzen. Alderantziz, langileak botatzen ari dira, karga balira bezala”. 

ESK, Steilas eta CGTk azaldu zutenez, “argi daukagu soberan dagoena ez direla langileak, baizik eta lanorduak eta kontsumismoa”. Laguntzak jaso zituzten enpresek orain beraiek laguntzak eman beharko lituzketela gaztigatu zuten: lan baldintza duinak bermatzea, lanaldiak murriztea, pertsonak kontsumitzaile gisa ez tratatzea, aparteko orduak kentzea… Hiru sindikatuetako ordezkariek “egungo eredu soziala eta lan-harremanetakoa gaitzetsi” zuten. 

Europako funtsak “doan” ez direla izanen nabarmendu zuten: “berreraikuntzarako funtsaren zati handi batek mailegu itxura du, eta Espainiako estatuak lan-merkatuaren eta pentsio-sistemaren egiturazko erreformak egiteari lotuta dago. Nafarroako eta Espainiako alderdiek mirari bat balira bezala espero dute milioi zaparrada hori. Hala ere, argi daukagu langileok ezin dugula xantaiarik onartu. Guretzat ez dago berreraikuntza ekonomikorik berreraikuntza sozialik gabe, guretzat ez dago krisirako irtenbiderik eskubideetan aurrera egin gabe”.