ELAk “6 urteren ondoren UPNren fiskalitate berarekin” segitzen dela salatu du

Guaixe 2021ko mai. 4a, 13:44
ELAren Iruñeko manifestazioaren akaberan, besteak beste, Imanol Pascual koordinatzaileak hartu zuen hitza. Argazkia: @ELANafarroa.

Sindikatuak larunbatean “Gero eta handiagoak diren desberdintasun sozialei aurre egiteko aldaketa garaia da, eta hori  beste eredu ekonomiko eta sozial baterantz aurrera eginez baino ezin da lortu”.

Maiatzaren Lehenean ELAko Nafarroako koordinatzaile Imanol Pascualek aldarrikatu zuen “milioika pertsonen osasuna eta bizi-baldintzak mehatxatzen dituen osasun-krisi baten erdian (bereziki, emakumeak) aldaketa garaia dela aldarrikatzen dugu, gero eta handiagoak diren desberdintasun sozialei aurre egiteko”. Baina hartutako norabidea okerra dela gaztigatu zuen ELAko kideak: “enpleguaren egoera kezkagarriari Europako funtsek dakartzaten murrizketak gehitu behar zaizkio. Ildo horretan, kritikatu du erabat inkoherentea dela funts horiek ahalbidetzea, Izquierda-Ezkerrak eta EH Bilduk aste honetan Lege Dekretua baliozkotzearekin egin duten bezala, eta, aldi berean, haien murrizketa baldintzak kritikatzea”.

Pascualek lan erreformak bertan behera uztea eskatu zuen, “mozkinak dituzten enpresak (Gamesa, MTorres, Defontaine eta H&M bezala) Nafarroan kaleratzeak planteatzen ari baitira. Zentzu horretan elkarrizketa sozialak ez dituela lan erreformak indargabetuko argi utzi du, patronalari beto ahalmena ematen diolako”. ELAk, atzera ere, Nafarroan zerga sistema erreformatzea exijitu zuen: “ez du behar adina biltzen, bidegabea da eta errenta altuek eta kapital-errentek iruzur fiskala egitea ahalbidetzen du. Aldatzeko garaia da, sei urte igaro dira UPN Nafarroako Jauregitik atera genuenetik, eta, hala ere, orduko fiskalitatea daukagu”. Nafarroako Gobernuari eusten dioten alderdiek zentzu horretan inolako pausorik ez zutela eman salatu zuen Pascualek. “Alderantziz, neurri fiskal bakarra Enpresen Ondarearen gaineko zerga kentzea izan baita. Horregatik, erakundeetan gure aldarrikapenak defendatuko dituen ezkerra behar dugu”.