Klinikak adinekoen narriadura kognitiboari eta hauskortasunari buruzko jardunaldia antolatu du

Guaixe 2021ko mai. 5a, 12:57
Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko sarreran jendea. Artxiboa.

Gaur, 18:30etik 20:30era izanen da Iruñeko Pio XIIko Civicaneko Auditorioan. Medikuei eta lehen mailako arretako osasun-langileei zuzenduta dago nagusiki.

Josefina Arregi klinikak “online komunikazioa: estrategia berriak narriadura kognitiboa eta hauskortasuna detektatzeko. EFrail programa” izenburuko jardunaldia antolatu du. Jardunaldia adinekoen hauskortasunaren edota narriadura kognitiboaren detekzio goiztiarraren garrantziari balioa emateko da. Klinikak eFrail programa garatu du eta egoera susmoa izan daitekeen pertsonei zuzendutakoa da.  

Klinikako zuzendari mediku Francesc Escabiak azaldu duenez, “eFrail programa berritzailearen bidez, pazienteei eta haien familiei aukera ematen diegu bisita egin aurretik klinikako talde profesionalarekin komunikazio bat izateko plataforma digital baten bidez”. Escabiak azaldu duenez, komunikazio horri esker, pazientearen egoerari buruzko informazioa lortu dezakete, baita pertsona horren bizitzako hainbat alderdiri buruzkoa ere, eta familiak garrantzitsutzat jotzen dituen elementu interesgarri guztiei heldu ahal izanen zaie. “Metodo hori ez da hain inbaditzailea, eta, aurretiazko jakinarazpenari esker, komunikazioa errazten du pazientea eta haren familia dauden egoeraren hurbilketan. Arazoari aurre egiteko aukera emanez, pazientearen eta bere familiaren arteko gatazka-egoerak saihestuz”. 

Jardunaldia bat dator klinikak gaixotasunen agerpena geldiarazteko duen helburuarekin, eta arreta jartzen du, hain zuzen ere, hauskortasunaren edo narriadura kognitiboaren arreta goiztiarra egitearen garrantzian. “Garaiz detektatzeak gaixotasun edo desgaitasun baten agerpena geldiaraztea ahalbidetzen digu, baita narriadura kognitiboaren bilakaera moteltzea ere”, adierazi du Josefina Arregi klinikako zuzendari medikoak.

Jardunaldia 
Parte hartzaileei 18:30ean harrera eginen diete Nafarroako Kutxa fundazioko zuzendari nagusi Javier Fernandez Valdiviesok eta Izaskun Azcona Saldias La Caixa fundazioaren Nafarroako Lurralde Ekintzako kudeatzaileak. Segituan Gregorio Atxutegi Basagoiti Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak zabalduko du jardunaldia. Jardunaldian geriatriaren eta psikogeriatriaren arloko lau profesionalek hartuko dute hitza.

Lehen hizlaria Calos Fernandez Viadero izanen da, Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitaleko Psikiatriako Egonaldi Ertaineko Unitateko geriatra. Adinekoen osasun mentalean murrizketa fisikoek eta sozialek dituzten ondorioak aztertuko ditu. Segituan Manuel A. Francok, Espainiako Psikogeriatria Elkarteko presidenteak eta Valladolideko Rio Hortega Unibertsitate Ospitaleko psikiatria eta osasun mentaleko zerbitzuko eta Zamorako Laguntza Espezialeko buruak, dementzia duten pazienteengan sintoma psikologikoak eta jokabide-sintomak hautemateari buruz hitz eginen du.

Ines Frances geriatra eta Nafarroako Pertsonen Garapen eta Autonomiaren Agentziako zuzendari gerenteak emanen dio segida. Francesek Nafarroan dementziari ematen zaion arretari buruzko daturik berrienak eta esanguratsuenak aurkeztuko ditu, baita Foru Erkidegoan eskuragarri dauden baliabideei buruzkoak ere. Hitza hartzen azkena Escabia izanen da. Berak dementzia duten pazienteengan hauskortasuna detektatzeko eta diziplina anitzeko esku-hartzea egiteko programa zertan datzan azalduko du: eFrail programa.

Klinikak jardunaldia Nafarroako Kutxa Fundazioarekin eta La Caixa Fundazioarekin elkarlanean antolatu du.