Nafarroako Gobernuak COVID-19ari aurre egiteko prebentziozko neurriak malgutuko ditu maiatzaren 9tik aurrera, behin alarma egoera bertan behera geratzen denean. Foru administrazioak jakinarazi duenez, Nafarroako perimetro itxiera kenduko da, etxeetan bi bizikidetza-unitateko sei pertsona gehienez biltzea gomendatzen du, bizikideen kasuan izan ezik, eta ostalaritzako terrazak 22:00ak arte ireki ahal izanen dira. Gauez mugikortasuna mugatuta izango da 23:00etatik 06:00etara.
Gainerako neurriak bere horretan mantenduko dira, eta berriak Osasun kontseilariaren Foru Aginduan jasoko dira. Agindua igandeko 00:00etan sartuko da indarrean, egun berean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarrean izanen da maiatzaren 20ra arte, egun hori barne. Horrela azaldu dute Javier Remirez Apestegia lehen lehendakariordeak eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilariak, eta Santos Indurain Osasun kontseilariak, gaur.
Nafarroako Gobernuak neurri horiek hartu ditu alarma-egoeraren ondorenerako, eta, horretarako, Foru Komunitatean azken egunotan izandako kutsatze-jaitsieran eta txertaketa-prozesuaren erritmo egokian oinarritu da batik bat.
Atzoko datuen arabera, 14 egunetan pilatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 325 kasukoa da, azken astean %5,75eko positibotasun-tasa izan da, eta 183 pertsona ospitaleratu dira, horietako 32 ZIUn. Horrez gain, 260.620 txerto jarri dira; beraz, 79.232 pertsonak jarraibide osoa beteta dute, hots, txertoa har dezaketen biztanle guztien %14,33k. Gainerako 181.388 pertsona gutxienez dosi bat hartuta daude; hau da, 16 urtetik gorakoen %32,80. Neurri berriak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bermatu beharko ditu.
Lantaldeak ostalaritzarekin eta toki-erakundeekin
Aldi berean, Nafarroako Gobernua lanean ari da ostalaritzako establezimenduak eta beste jarduera batzuk pixkanaka berriro irekitzea planifikatzeko, sektoreko ordezkariekin batera. Modu horretan, gaur arratsaldean ordezkariekin bilduko da, lantalde baten esparruan, eta, horrela, neurri berriak apurka-apurka abian jarriko dira, egoera epidemiologikoaren asteroko berrikuspenaren arabera.
Ildo berean, Nafarroako Gobernuak elkarrizketarako prozesua irekita du Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF), datorren uda honi begira adostasun batera iristeko herri-jaien eta kultur ekitaldien inguruan.
Nafarroako Gobernuak, neurri berriei dagokienez, galdera ohikoenei buruzko informazioa eguneratu du (gaztelaniaz).
Arbizu
COVID-19 gaitza ez zabaltzeko apirilaren 15etik indarrean da Arbizuko perimetro itxiera. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, hura bihar gauerdian bukatuko da. Izan ere, Arbizun intzidentziak behera egin du 14 egunera, 100.000 biztanleko 3.621 kasutik 543ra; 7 egunera, berriz, 362 kasutan dago, eta 1.515 kasu zeuden neurriak indarrean sartu zirenean.
Foru administrazioak ez du ezer esan Lakuntzako eta Etxarri Aranazko perimetro itxieren inguruan. Baina, antza, alarma egoera kenduta ere, perimetro itxierei eusteko lege neurriak hartzea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua.