Mendi lasterketak

Katarainen eta Razkinen Euskal Herriko selekzioa, Espainiako txapelduna

Guaixe 2021ko mai. 11a, 13:00

Jaenen jokatutako Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketan talde onena izan zen

Asteburuan Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketak jokatu ziren Máginan (Jaen) eta bertan parte hartu zuen Euskal Herriko Mendi Lasterkarien selekzioak, Beñat Katarain Razkin lakuntzarra eta Amaia Razkin Medrano uharte arakildarra tartean.

Larunbatean La Magina Skyrace igoera bertikala jokatu zen, 2,9 kilometro eta 1.000 metroko desnibela zuen proba. Manuel Merillasek  Espainiako Kilometro Bertikalen Txapelketa irabazi zuen (32:34). Euskal selekzioko Asier Larruzearen aurretik (33:09). Emakumezkoetan Virginina Perez izan zen txapelduna (41:15) eta Euskal selekzioko Andrea Garai hirugarren (42:17).

Igandean Magina Skyrace traila jokatu zen (28,5 km eta 2.300 metroko desnibel positiboa), Espainiako Txapelketa. Inoizko mailarik handiena izan zuen, munduko lasterketetan aritzen diren zenbait korrikalari aritu baitziren. Gizonezkoetan, bezperan igoera bertikala irabaztetik zetorren Manuel Merillasek lortu zuen garaipena (2:34:19), eta Euskal selekzioko Aritz Egea hirugarren sailkatu zen (2:36:33). Beñat Katarain 15. postuan sartu zen (2:47:48).  
Emakumeen artean lehia ikusgarria izan zen, eta Euskal selekzioko Oihana Kortazar izan zen protagonista, Espainiako bere laugarren txapelketa eskuratu baitzuen (3:06:22), bere taldekide Maite Maioraren aurretik (3:06:30). Amaia Razkin Medrano 33. postuan sailkatu zen (3:39:30).

Taldeka, Euskal Selekzioak Espainiako bi txapelketak irabazi zituen, gizonezkoena, Egeak, Larruzeak, Lizeagak eta Katarainek lortutako puntuekin, eta emakumezkoena, Kortazarrek, Maiorak, Iturbek eta Garaik lortutakoari esker.