udako kanpaina

Mank-ek errugbi, futbol, triatloi eta surfaren aldeko apustua egin du

Guaixe 2021ko mai. 13a, 13:45

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak udarako eskaintzaren berri eman du: aurten errugbi, futbol eta triatloi campusak egongo dira, eta surf ikastaroa. Izena ematea zabalik dago

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak udako kanpaina prest dauka. Hiru campus eskainiko dira: errugbia, futbola eta triatloia, eta horretaz gain surf ikastaroan izena emateko aukera egongo da. Eta triatloiari lotuta, uztailaren 24an XVII. Sakanako Haur Triatloia jokatuko da Urdiainen. Udako ekimen hauek antolatzeko Altsasuko, Uharte Arakilgo eta Urdiaingo Udalen, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Errugbi Federazioaren laguntza izan du Mank-ek. 

COVID-19 pandemia dela eta, ikastaro guztietan uneoro agintariek zehaztutako neurriak beteko direla bermatu du Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak, baina kirolaren aldeko apustua egin du Mank-ek, kirola sustatzeko, kirol teknikarien esanetan ikastaro eta campusek “harrera oso ona” izaten dutelako, eta ekimen hauek “Sakanako herri ezberdinetako jendea ezagutzea” ahalbideratzen dutelako. 

Ekainean surf ikastaroa, Zarautzen
Ekainaren 19an eta 20an Zarautzen surf ikastaroa eskainiko du Sakanako Mankomunitateak; nork bere kabuz edo familian egiteko surf ikastaroa izanen da, hastapeneko ikastaroa. Hau da, 18 urtetik gorakoei zuzenduta dago edo familiei. Azken kasu honetan familia bakoitza edo heldu bat bere haur edo nerabeen arduraduna izango da. Haurrek euren gurasoen baimen idatzia eraman beharko dute, euren zaindariak ere sinatu beharrekoa. Mank-ek autobusa eta surf ikastaroa antolatuko ditu, eta Zarauzko Moor Surf Eskolak eskainiko du ikastaroa. Ordutegia ekainean bertan zehaztuko da, azken astean, itsas mareen arabera. 

Prezioa 40 eurokoa da, ikastaroa eta bi egunetarako autobusa barne (Ziorditik abiatuta, herriz herri jasoko ditu partaide guztiak). Surfean aritzeko beharrezkoa den guztia prezioaren barne dago: irakasleak, taulak, neoprenoak, dutxak, asegurua…
 
Ondoren futbol campusa, Dantzalekun
Sakanako futbol campusa Altsasuko Dantzalekun izanen da eta hasiera batean bi txanda antolatu dira. Uztailaren 1ean, 2an, 5ean, 6an eta 7an lehena (2009, 2010 eta 2011. urteetan jaiotako neska mutilendako) eta uztailaren 8an, 9an, 12an, 13an eta 14an bigarrena (2006, 2007 eta 2008 urteetan jaiotakoendako). Kirol Zerbitzutik adierazi dutenez, beharrezkoa balitz txanda gehiago antolatuko lituzkete. Ordutegia goizeko 10:00etatik 13:00etara izanen da, eta entrenatzaileak Maalen Beraza Etxarri eta Aitor Lara Zia izango dira. 

Kopuruari dagokionez, gutxienez 14 partaide eta gehienez 25 onartuko dira aste bakoitzean. Izena eman ahala tokiak betetzen joango dira –tokia gordetzeko ordainketa agiria aurkeztu beharko da Manomunitatean- eta beharrezkoa balitz, itxaron zerrenda egingo da. Nesken taldea ateratzen ez bada, elkarrekin arituko dira, baina bost leku ziurtatuta izanen dituzte. 

Futbol campusean teoria eta praktika uztartuko dira, kategoria bakoitzean dagozkion gaiak aztertuz. Inguruan ere irteerak egingo dira. Prezioa 35 eurokoa da.

Bi asteko triatloi campusa, Altsasun
Futbolari triatloiak hartuko dio lekukoa. Uztailaren 15ean hasi eta uztailaren 28an despedituko da triatloi campusa, Altsasuko Zelandi kiroldegian. 8 urtetik 16 bitarteko neska-mutilek eman dezakete izena eta goizeko 10:00etatik 12:30era triatloiak batzen dituen hiru kirolak batuko dituzte: igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa edo korrika, teoria eta praktika uztartuz. Igeriketa Zelandi kiroldegian landuko dute, eta txirrindularitza eta atletismoa Altsasu eta Urdiain artean. Prezioa 40 eurokoa da eta gehienez 25 partaide onartuko dira.  

Ildo honetan, ikastaroan izena ematen dutenek Sakanako Mankomunitateak uztailaren 24an Urdiaingo igerilekuetan antolatuko duen Sakanako XVII. Haur Triatloian parte hartzeko aukera izango dute. 

Azkenik, errugbi campusa Uharte Arakilen
Mank-eko udako kirol eskaintza despeditzeko, uztailaren 29an hasi eta abuztuaren 4an despedituko da Sakanako udako errugbi campusa, belar naturala duen Uharte Arakilgo futbol zelaian. 8 urtetik 16 urtera bitarteko neska-mutilek izango dute errugbian murgiltzeko aukera, eta goizeko 10:30etik 13:30era ariko dira. Metodologiaren aldetik, egokitutako errugbi zinta landuko da batez ere, eta teoria eta praktika uztartuko dituzte. Prezioa: 35 euro. 

Izena emateko epeak
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Surf ikastarorako ekainaren 10erako eman behar da izena, futbol campuserako maiatzaren 26rako, triatloi campuserako maiatzaren 26rako eta errugbi campuserako maiatzaren 26rako, edo guztietan zehaztu diren lekuak agortu arte. Ikastaroak euskaraz izango dira, eta norbaitek ez badu ulertzen, pertsona horri gaztelaniaz esango zaio.