Mank-ek 4,8 milioi euroko aurrekontua onartu du

Guaixe 2021ko mai. 10a, 13:58

Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitza.

Ez da inbertsio handirik aurreikusten. Joan den urteko aurrekontuan jasotako Urdalurko ur sarea Satrustegitik  Etxarreneraino luzatzeko lanak aurten egitea aurreikusi du ibarreko erakundeak. 

Sakanako Mankomunitateak aurtengo 4.830.209 euro inguruko aurrekontua joan den ostegunean onartu zuen, hiru abstentzio izan ezik, gainontzeko botoak aldekoak izan ziren. Ibarreko erakundeak joan den urterako hainbat inbertsio aurreikusi zituen eta, horregatik, aurtengo aurrekontua 2020koa baino 549.247 euro inguru txikiagoa da.   

Ur Zerbitzuaren joan den urteko aurrekontuan Urdalurko ur sarea Satrustegi eta Etxarren artean luzatzea aurreikusi zen. Mank-eko presidente David Oroz Alonsok esan duenez, “lanen tramitazioan gaude, afekzioen kontuak lotzen. Gure asmoa da lanak aurten bertan egitea. Eta, ahal bada, eguraldi onarekin egitea”. Hori izanen da Sakanako Mankomunitateak aurten eginen duen inbertsiorik handiena. Bestela, “aurten ur zerbitzuan ez da aurreikusi halako lan handirik. Herrietan egiten diren ur hornidura sareen berritzean Mank-ek bere zatia ordaindu beharko du. Bestela, inbertsio txikiagoak izanen dira. Ur ihesen detekzioan segituko dugu lanean”. Zerbitzuko langileek erabiliko duten pala txiki bat eta auto bat erosiko ditu Mank-ek eta bakoitzerako 15.000 euro aurreikusi ditu. 

Mank-ek Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun, Bakaikun, Iturmendin, Urdiainen eta Olatzagutian ur kontagailu berriak jarri ziren 2012an. Kontagailuek irrati bidez etxeetako kontsumoen berri ematen zion kaletik auto batean pasatzen zen tablet bati. Baina joan den urtean ibarreko erakundea etxe barruan zeuden kontagailuen datuen ohiko irakurketa egitera pasa zen berriro. Orozek azaldu duenez, “bere garaian automatizazioaren aldeko apustua egin zen, baina urteekin ikusi da teknologia hori ez zegoela behar bezain beste garatuta. Akatsak hasi zen ematen eta, horregatik, atzera pauso bat egin dugu zerbitzu hobea eman ahal izateko”. 

Hondakin Bilketa 
Zerbitzuan konpost planta egin eta kamioia erosi zen joan den urtean. Tamainako inbertsiorik ez da eginen aurten. Hala ere, Mank-ek Irurtzunen garbigune bat egitea aurreikusi du. Lehendakariak esan duenez, “Altsasukoa baino askoz ere txikiagoa izanen da, Ziordikoaren antza gehiago izanen du”. Hura egiteko ibarreko erakundeak 45.000 euro aurreikusi ditu. Bi Ahizpe kaleko 15-A zenbakiaren parean egonen da, Akaborro industrialdeko berdegunean. 


Orozek gogoratu du Sakana dela Nafarroan hondakin bilketa daturik onena duen eskualdea, “baita materia organikoaren bilketan”. Presidenteak gaineratu duenez, “aurtengo erronka da Arbizuko tratamendu plantan dagoen konpostatze planta martxan jartzea eta han bertan konpostatzea Sakanan biltzen dugun materia organiko guztia. Eta konposta Sakanan banatzea”.  Horretarako inbertsio batzuk egin beharko direla jakinarazi du Orozek, zehazki, materia organikoa duten poltsak irekitzeko makina erosteko 146.000 euro bideratu dituzte. 

Euskara, Kirola, Kulturartekotasuna, Etxeen zaharberritzea “egonkortuta dauden zerbitzuak dira. Beti daude berritasunak, baina jarraikortasun lerro bat dute”. Bestalde, ibarreko erakundearen Lakuntzako egoitza berritzeko proiektua idazteko 14.500 euro daude. “Proiektuak, besteak beste, uralitazko teilatua kentzea eta eraikinaren isolamendu termikoa egitea aurreikusiko du”. 

Aldaketak
Ibarreko erakundeak bere plan estrategikoa egin eta 2020an bukatzeko asmoa zuen. Orozek argitu duenez, “horretan geunden, bai barne mailan, bai kanpora begira. Pandemia aurretik saio batzuk egiteko aukera izan genuen. Plana borobiltzeko eta bukatzeko zegoen, baina pandemiak erdian harrapatu gintuen eta ez zigun utzi nahi genuen akabera ematen. Horretan gabiltza”. Lehendakariak gaztigatu duenez, “barne mailan ere aldaketa garrantzitsu batzuk izan ditugu langilerian, postu inportanteetan. Egokitzen eta buelta ematen ari gara”. Izan ere, “Mank-en barruan postu klabea den” kudeatzaile postuan aldaketa izan zen duela bi hilabete, berria “positiboan ekarpenak egiten hasi da eta bide onean gaude”. 

Bestalde, komunikazio arduradun bat hartu du ibarreko erakundeak, Ion Ansa. Orozek azaldu duenez, “ikusten genuen hainbat gauza egiten genituela, baina gabezia genuela ‘saltzeko garaian’; jendeari kontatzeko Mank zer den bere osotasunean. Jende askok Mank erraz identifikatzen du Hondakin Zerbitzuarekin, baina hori baino askoz gehiago da”.  Mank-ek eskaintzen dituen zerbitzuak zerrendatu ondoren, Orozek azaldu duenez, “horrek denak erakusten du Sakanan elkarrekin eta elkarlanean egiteko modu bat. Horri balioa emateko laguntza behar genuela pentsatzen genuen”.