Etxarrik edo Altsasuk, zeinek banatuko du materia organiko gehiago?

Guaixe 2021ko mai. 10a, 10:56

Edukiontzi marroia Altsasuko kale batean. Artxiboa.

Garilaren 3ra arte bi herrietan egoki berezitako materia organikoa pisatuko du Sakanako Mankomunitateak eta kilo gehien pilatzen dituen herriak saria jasoko du.

Nafarroako Hondakin Partzuergoak hondakinen gaikako bilketan sentsibilizatzeko Organikopa lehiaketa antolatu du. Haren helburua da materia organikoaren banaketa sustatzea nafarren artean eta, horrela, birziklatzen den organiko kopurua igotzea. Izan ere, etxeetan sortzen diren hondakinen %42 baita materia organikoa eta egoki banatuz gero hura konpost bihurtu baitaiteke, eta hondakindegian errefusa gutxiagok bukatu dezakeelako. 

Partzuergoko kide den Sakanako Mankomunitateko Hiri Hondakinen Zerbitzuak Etxarri Aranatzen eta Altsasuren arteko materia organikoaren bilketa lehia antolatu du. Hondakin bilketa sistema desberdinak dituzte bi herrietan. Zerbitzutik azaldu dutenez, Etxarri Aranatzen astelehen eta ostegunetan posteetatik bildutako gai organikoaren pisua aztertuko da astero. Altsasun, berriz, edukiontzi marroiaren bitartez jasotakoa. Heldu den astetik garilaren 3ra arte izanen da martxan materia organiko gehien biltzen duen herrien arteko lehia. Bi herrien arteko konparaketa egin ahal izateko kg/biztanle adierazlea erabiliko du zerbitzuak. 

Zerbitzuko arduradunek gogorarazi dutenez, etxarriarrek gai organikoa kudeatzeko bi aukera dituzte: autokonposta eta atez ateko bilketa. Kubo marroia da parte hartzeko behar den elementu bakarra. Altsasun ere bi aukera daude: autokonposta eta edukiontzi marroia. Edukiontzi marroia erabiltzeko erraztasun handiak daude: nahikoa da izena ematearekin. 

Sariak 
Materia organiko gehien bereizten duen herriari Hiri Hondakinen Zerbitzuak 5.000 euroko balioa duten hainbat hiri-altzari emanen dizkio. Hiri-altzari horiek Nafarroan sortutako hondakin plastikoekin eginak dira, beraz, tartean daude Sakanan jaso eta birziklatutako plastikoak. Bigarren gelditu den herriarendako ere saria izanen da baldin bi hilabeteetan bere materia organikoko bilketa datuak hobetzen baditu. 

Lehiaketaren martxa zein den jakiteko Sakanako Mankomunitateak astero horren berri emanen du kartelen, bere sare sozialen eta www.sakana-mank.eus webgunearen bidez. Sariak garilean banatuko dira, Nafarroako parte hartzaile guztien emaitzak publiko egin ondoren. 

Informazioa
Hondakin bilketa egoki egiteko materiala eskatzeko, izena emateko edota edozein zalantza argitzeko 900 730 450 doako telefonora dei daiteke edo info@sakana-mank.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.