Landa eremuko osasun zerbitzuak indartu beharra aldarrikatu dute

Guaixe 2021ko mai. 7a, 14:46

Irurtzunen herenegun egindako kontzentrazioa. Argazkia: @ehbilduirurtzun.

Igandean, 12:00etan, Nafarroako Unibertsitate Publikotik ‘Aurrera oinarrizko osasun laguntza’ leloa duen auto karabana abiatuko da Iruñeko kaleetan barna.

Nafarroako Osasun Plataformak deituta, asteazkenero moduan, Osasun etxea zaindu leloa duen kontzentrazioa egin ziren herenegun. Ohi bezala, Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko osasun etxeen parean kontzentratu zirenek “oinarrizko osasun zerbitzuaren indartze orokorra” exijitu zuten. Plataformako kideek,gainera, despopulatzen ari den landa eremuan oinarrizko osasunak duen egoerari erreparatu zioten. Azaldu zutenez, “hainbat hamarkadatan gobernuek ezarri duten sistema ekonomiko eta politikoa kapitalaren interesen mende egon da, pertsonen interesen mende egon beharrean eta, ondorioz, egungo errealitate gordina da landa eremua hustea eta despopulatzea”. 

Plataformako kideek landa eremuetako osasun etxeetan eta kontsultategietan “gabeziak duela urte asko antzeman” zirela gaztigatu zuten, zerrenda osatuz: “langileak ez ordezkatzea, lanpostuetan txandakatze handiegia, langileen prekarietatea, herritarren hizkuntza-eskubideekiko errespetu falta, instalazio zaharkituak, baliabide material eskasak…” Plataformatik azaldu dutenez, “landa eremuan osasun zerbitzu ona bermatzea tresnarik onenetako bat da eremu hori hustu ez dadin eta bertan jarraitzen duten pertsona gutxi horiek osasunerako duten eskubidea errespetatua izan dadin”. Hori eta herrialde guztian lehen arretako kalitatezko osasun zerbitzua bermatzea eskatzeko igandean autokarabana eginen da Iruñean. Eta hilaren 15erako hiriburuan manifestazioa deitu du plataformak.