Sareren Izan Bidea dinamikak “elkarbizitzaren, bakearen, konponbidearen alde eta preso eta iheslariak etxeratzearen alde” egin nahi du. Sareko kideek azaldu dutenez, “dinamikak euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde gauden herritarrak batu asmo ditu, pausoak emanaz, bidea izan gaitezen. Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi behin betiko aterabidea eman nahi diogulako”.
Nabarmendu dutenez, “euskal jendartearen eta instituzioen adostasuna dugu preso eta iheslariek pairatzen duten salbuespen legediarekin bukatu eta etxerako prozesuari oztoporik ez jartzeko”. Presoen hurbiltzeak izan direla aitortuta ere, Sareko kideen iritziz, “egoera honek ezin du gehiagoan luzatu. Presoak Euskal Herrian egon behar dute eta etxera prozesua garatu behar dute gradu progresioa eginez. Eta senideek ezin dute euren bizia errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ez eta espetxean duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia baino gehiago igaro”.
Horregatik, Saretik bidea egiten ari den mugimenduarekin bat egitera deitu du, “Ibiltarien Sare hau gero eta handiago eta zabalagoa egin behar dugula, etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea egia bilaka dezagun”. Eta larunbatean Euskal Herriko 650 mendi igo eta tontorretara Sareren aldarria eramatera gonbidatu du. Gain horietako 220 Nafarroan daude eta, zehazki, Sakanan 21. Igoera horietako 18 sakandarrek eginen dituzte, gainontzeko hiruak Berriozar eta Burlatakoek.
Sareren 650 tontor ekimeneko Sakanako igoerak | |||
Herria | Ordua | Tokia | Mendia |
Irurtzun | 10:00 | Plaza | Erga |
10:00 | Errozko plaza | Bizkai | |
Hiriberri Arakil | 09:30 | Plaza | Madalen haitz |
Irañeta | 09:30 | Hiriberriko plaza | Madalen haitz |
Uharte Arakil | 08:45 | Plaza | Artxueta |
Lakuntza | 09:00 | Plaza | Beriain |
Arbizu | 10:00 | Unanun | Beriain |
Lizarragabengoa | 09:30 | Elkartea | Mirueta |
Etxarri Aranatz | 08:00 | Lizarrusti | Putterri |
08:00 | Lizarrusti | Alleko | |
08:00 | Lizarrusti | Txaigorri | |
Bakaiku | 12:00* | Plaza | Santa Marina |
Iturmendi | 12:00* | Plaza | Santa Marina |
Urdiain | Plaza | Intsusburu | |
Altsasu | 09:30 | Foru plaza | Bargagain |
09:30 | Foru plaza | Balankaleku | |
Olatzagutia | 08:30 | Plaza | Gainsol |
Ziordia | 09:30 | Plaza | Hirumuga |
Berriozar | 08:30 | Lantzeluze frontoia | Gaztelu |
08:30 | Lantzeluze frontoia | Txurregi | |
Burlata | 10:00 | Irurtzungo plaza | Aixita |
*Santa Marinan egoteko jarritako hitzordua |
3.127.326 kilometro
Euskal herritar adina km ibiltzeko helburua du jarria Izan Bidea dinamikak. Dagoeneko milioi bat ibili dira eta larunbatean bultzada handia eman nahi dio Sarek zifra horri.