Fernando García Arévalo

"Ezin nuen beste alde batera begiratu"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mai. 12a, 13:49
Fernando García Arévalo fotokazetaria argazki erakusketan.

Itsasoaren beste aldean Afrika ikusten zuen Fernando García Arévalok bere herritik. 1992. urtean pateren lehenengo argazkia egin zuen, eta istorio horiek kontatzeko beharra zuela pentsatu zuen

25 urtez Afrikaren eta Europaren artean dagoen itsasarteko 25 istorio baino askoz gehiago bildu ditu Fernando García Arévalok haren argazki kameraren bidez. Geografikoki gertu dauden arren, bi kontinenteen artean dauden desberdintasun, gehienbat ekonomikoak, azaleratu nahi izan ditu fotokazetariak. Kazetari gisa bere “beharra” izan da bertan gertatzen dena kontatzea, duela ia 30 urte lehenengo patera iristen ikusi zuenetik: “Ikusten ari nintzena gelditzeko etortzen zela konturatu nintzen, eta denborak arrazoia eman zidan”. Maiatzaren 15era arte Gibraltargo itsasartearen zabalean, 25 urte, 25 istorio erakusketa Iortia kultur gunean ikusgai dago. Bertan García egoten da, argazki bakoitzaren atzean dagoen istorioa kontatzeko prest. Bildutako lana izen bereko liburuan jaso du.

Zergatik itsasartea?
Nire etxetik Afrikako kostaldea ikusten da. Eguraldi ona dagoenean primeran ikusten da. Orduan konturatu nintzen ogibide honekin amesten banuen, ezinbestean gai honi buruz hitz egin behar nuela. Batzuetan ikusteko zailena aurrean duzuna da.

1992. urtean hasi zinen. Aurretik ez zegoen paterarik?
Madrilen ikasten nuen, eta dagoeneko pateren inguruan zerbait hitz egiten zen. Beti egon dira. Baina noizean behin zeuden, anekdotikoak ziren. Inflexio puntu bat egon zen 1992an, eta zerbait ohikoagoa bihurtu zen. Etxera itzuli nintzen eta itsasartearen inguruko argazki bat egin behar nuela erabaki nuen. Horrelako zerbait ikusten duzunean... Gaur egun, ohitu gara horrelako argazkiak ikustera. Irudi gogorragoak ikustera ohitu gara. Baina duela 30 urte, pentsa zer izan zen.

Nola atera zenuen lehenengo argazki hori?
Argazkilaritzarekin autodidakta hasi nintzen. Oso pertsona urduria naiz eta oso kuriosoa. Irakurtzea gustatzen zait. Asko irakurtzen dut. Orduan, fotokazetaritzan interesa piztu zitzaidan. Nire kabuz gauzatxo batzuk egin nituen, eta Madrilera ikastera joatea erabaki nuen. Ikasten nuen bitartean agentzia batean lan egiten hasi nintzen. Egun batzuetarako etxera itzuli nintzenean, San Roqueko auzo batekoa naiz, eta, dagoeneko pateren ingurukoak entzuten hasiak ziren. Nire aitaren kotxea hartu eta Tarifa aldera joan nintzen. Hilabete eta erdi egon nintzen aitaren kotxean lan egiten. Normalean bidaia gauez egiten zuten, Cadizko kostaldera goizaldean iristeko. Momentu horretan ez zegoen telefono mugikorrik ez Internetik. Orduan, goizero Gurutze Gorrira joaten nintzen galdetzera ea zerbait gertatu zen. Azkenean, pena eman nien eta zodiakeko gidariak esan zidan hurrengo egunean haiekin joango nintzela. Gaur egun ezinezkoa izango litzateke. Baina edozer gauzarekin bezala, gauzak landu behar dira. Gauzak ateratzeko lan egin. Nire prismatikoekin joan ginen, eta patera ikusi genuen. Duela ia 30 urte izan zen.

Zerbait berria zen.
Dagoeneko anestesiatuta gaude. Horrelako irudi asko iristen zaizkigu, bereziki Lesbosen gertatukoaren ondoren. Jendez betetako txalupen iritsiera ikustera ohitu gara, baita hildakoak ikustera ere. Argazkilari gisa uste dut irudi asko soberan daudela. Ez diezu arreta eskaintzen. Droga bat bezalakoa da, behin hartuz gero hurrengoan zerbait gogorragoa beharko duzu. Baina 1992an zodiak batean joatean eta paterak ondoan ikustea…

Gai horiek lantzen jarraitzea erabaki zenuen, ezta?
Gaztea nintzen eta ikusi nuen jarraitu behar nuela. Behar bat zen: hau aurpegiaren aurrean izanda, ezin dut beste alde batera begiratu; ez duzu beste alde batera begiratu nahi. Beraz, serie hori egin nuen eta Staff agentzian lan egiten jarraitu nuen. 'El Pateras' deitzen ninduten. Izena garai horretan zabaldu zen. Mundu osotik deitzen ziguten diapositiba eske. Diapositibak lantzen nituen, teknikoki oso zaila zen. Eta kanpotik deitzen zutenean askotan ez zitzaien ulertzen, baina patera hitza ulertzen zitzaien. Duela zenbait urte honetaz bizitzeko aukera zegoen. Orain ia ezinezkoa da.

Afrika erretratatzeko beharra sentitu zenuen?
Bidali ninduten. Bestela nire kabuz ezin izango nuen. Lan jakin bat egiteko bidaltzen ninduten, baina nik kazetaritza lana egiteko baliatzen nuen ere. Informazioa jasotzeko. Istorio asko zeudela ikusi nuen. Esaterako, Dakarren pateretan Europara iristeko bidaian hildakoen semeen amaren kolektibo bat dago. Dirua biltzen dute bertako gazteak lagundu eta alde ez egiteko. Gela baten argazkiak egin nituen, atearen zirrikitutik argitxo bat sartzen zela. Argazkilaritza argiarekin marraztea edo idaztea da. Eta nik hori egiten nuen. Senegalen neukan bizitokia, eta hortik beste tokietara mugitzen nintzen. Bahiketengatik itzularazi ninduten. Hiltzen bazaituzte lan kontua da, baina bahike tetan diplomazia kontuak sartzen dira. Estatuei estorsioa egiteko erabiltzen dute.

Lan zaila da?
Ogibidea kalean eta lan egiten ikasten da. Argazki bakoitzaren atzean lan asko dago. Izugarria. Odisea bat izan ohi zen lekuetara iristea. Ceuta eta Marokoko muga zaharretan txalupan igotzeko itxoiten ari zirenengana iristea, Melillako harresiaren saltoak harrapatu ditzakezu edo ez… Ezkutatuen saila, esaterako, lortzeko oso zaila izan zen. Itsasartea pasatzeko itxoiten ari zirela egin nien, eta estaltzeko eskatu nien. Argazkiak Espainiako prentsan publikatu behar ziren, eta iristen baziren, hauek ezagutzeko aukera izan zitekeen. Senarrarendako patera bat ordaintzeko prostituitzen ziren emakumeena kontatzeko ere, auzo hori oso gogorra zen. Haurrak eskaintzen zizkidaten… Ni zuhurra izaten saiatzen nintzen, gauez joaten nintzen eta ez nuen atentzioa eman nahi. Baina azkenean txuriak nabarmentzen gara. Hori da gure arazoa. Horregatik konfiantza lortzea oso zaila zen. Beraiekin bizitzera gelditzen nintzen, beraiek egiten zutena egiten nuen. Horren atzean ere dirua dago. Nahiz eta diru gutxirekin joan, dirua da. Gero berreskuratuko duzun dirua inbertitzen duzu. Egun, ezinezkoa da.

Nola sortu zen liburua egiteko aukera?
1992. urtean hasi nintzen eta 2017an, 25 urte betetzen zirenean, material hau guztia neukanez bilduma bat egitea erabaki nuen. Materiala fotokazetaritza hutsa da, baina testuak oso askeak dira. Haiek kontatu dizkidaten istorioak dira, modu librean kontatutakoak. Picassok esaten zuen bezala irudikatzen dudan guztia egia da, eta nik kontatu dudan guztia egia da, baina nik sortutako narrazioekin. Istorio bakoitzak irudi bat edo gehiago izan ditzake. Lehenengo erakusketa egin nuen, eta ondoren liburua libros.com deitutako argitaletxe baten bidez, mikromezenazgoari esker.

Zein da zure argazki bereziena edo gogokoena?
Argazkiak baino gehiago istorioak gustatzen zaizkit. Baina lehenengo argazkia oso sinbolikoa da egitea kostatu zitzaidanarengatik eta hasiera izan zelako. Gero ere Kixoterena asko gustatzen zait. Tarifatik itzultzen nintzen eta gizona topatu nuen. Praketan itsasoaren uraren gatza ikusten zen, eta iritsi berria zela jakin nuen. Atzean haize errotak ikusten dira, eta oso kixotezkoa iruditu zitzaidan. Kontran Kanariar irletako gizon gorrotagarria dago, patera bat iritsi zela eta jendearen kontrako mezu xenofoboak botatzen zituela etengabe. Prostituitzen zen emakumearena ere gustatzen zait atzean dagoen istorioagatik… Emakumeek haien istorioak kontatu nahi dituzte. Beharra dute. Baina senarraren baimena behar dute hitz egiteko eta irudikatuak izateko. Hildako baten argazki bakarra daukat. Ez zaizkit gustatzen, esan bezala, anestesiatuta gaude.

Nola ikusten duzu orain egoera?
Jende berdina etortzen da, arrazoi berdinengatik. Uda oso gogorra izango da Kanarietan. Beti suak itzaltzen lan egiten dugu. Lurraldean bertan oso gauza gutxi egiten dira. Jatorrian lagundu behar dugu, garapenean lagundu. Hori da irtenbide bakarra. Baina behin egoera baretzen denean, lasaitzen denean, ez da ezer egiten. Afrikan bizi izan naizenean bertakoak bezala bizi izan naiz. Toki askotan ongi bizitzen da. Baina Europatik nahi zuena lortu gabe itzultzen den pertsona batendako oso zaila da egia kontatzea. Beste errealitate bat kontatzen dute. Auzoetan oso argi ikusten zen nork zeukan seme-alabaren bat Europan. Beraz, nola itzuli behar zara etsituta ondoko bizilagunak lortu duenean? Oso zaila da. Horregatik garrantzitsua da benetako errealitate gordinari buruz informatzea. Giltza Marokon dago. Zenbait gauzatan aurrerapenak egon dira, baina arazoa jatorrian dago.

Erlazionatuak

Sakana haran anitza da

Erkuden Ruiz Barroso 2021 mai 11 Altsasu