Pandemiari aurre egiteko hartutako hainbat erabaki malgutzen hasteko garaia dela uste dute Nafarroako Gobernuan. Foru administraziotik jakinarazi dutenez, “pixkanakako malgutasun-prozesu zuhur baten alde egiten du, koherentea eta pandemiaren eta txertaketa-prozesuaren bilakaerarekin lotua”. Maiatzean eta garagatzaroan aplikatuko den malgutzeko ibilbide-orrian, dagoeneko, ostalaritza, jatetxeak eta merkataritza sektoreei eragiten dietenak zehaztuta ditu. Eta neurri berriak landu eta zehaztuko dira beste sektore batzuekin, pixkanaka ezartzeko.
Neurriak
- Etxebizitza eta espazio pribatu eta publikoetan, bi bizikidetza-unitatek bilera egin dezake atzoz geroztik, gehienez 6 pertsonarekin.
- Ostalaritzan terrazak erabiltzeko ordutegia 22:00ak arte luzatu da.
- Foru Komunitateko itxiera perimetrala ireki da.
Barrualdeak irekitzea ostalaritzan
Maiatzaren 17tik aurrera, ostalaritzako barnealdeak pixkanaka eta modu ordenatuan irekitzeko lehen fasea hasiko da, bi bidetan. Alde batetik, barrualdeak mahaian erabili ahal izanen dira 12:00ak arte. Bestalde, erantzukizunpeko adierazpen bat eta fitxa tekniko bat bete ondoren, bazkari eta afari zerbitzua eskainiko da 22:00ak arte. Gainera, baldintzen artean, mahaikideen trazabilitate-sistema bat jarriko da, bazkaldu edo afaldu eta hurrengo egunetan haien artean kasu positiboren bat gertatzen bada haiekin azkar harremanetan jartzeko aukera emango duena, eta gainerako mahaikideei abisua emateko sistema automatikoa erabiltzea gomendatuko da, bai eta aireztapena kontrolatzeko baldintzak ere.
Ostalaritzako espazioen okupazioari dagokionez, sektorearen iradokizunak kontuan hartuta, ez da edukiera-mugarik egongo; aitzitik, kontuan hartuko da prebentziozko bereizketa-distantzia: metro 1 mahaikideen aulkien artean eta 2 metro mahaien artean. Gehienez ere, 6 mahaikide egongo dira mahai bakoitzean.
Merkataritzari dagokionez, azalera handien edukiera baimendutako gehienekoaren %40ra arte handituko da, eta ordutegi-murrizketak kenduko dira, pandemiaren aurreko ohiko ordutegian ireki ahal izateko.
Sektorearen jarduera pixkanaka malgutzeko prozesuak hurrengo fasean jarraituko du, hurrenez hurreneko foru-aginduetan, maiatzaren 28tik aurrera. Horietan, neurri berriak zehaztuko dira, betiere adierazle epidemiologikoen eta txertaketa-prozesuaren bilakaerari lotuta.