Baliteke uste baino lehenago galdera distopiko hori gure lehen hezkuntzako ikasgeletan entzutea, eta galdera erantzunik gabe geratuko da, ikusirik instituzioek hartu duten norabidea, ohitura, usadio eta erritoenganako sentsibilitatea gainbehera etorri baitzaie, hauek babesteko eta aitortzeko hautua egin beharrean. Gure folklore adierazpen zabala eta anitza harrotasun eta tokian sustraitzeko arrazoi izan da gure herrietan, eta ikerketen xedea baita gure mugetatik haratago ere. Herri kultura lurralde kohesioa, identitatea eta errotzea, kirola, antropologia, harremanak, eraldaketa soziala, asoziazionismoa, aisialdia, lana, lehengai artistikoa, musika, hezkuntza, turismoa, dantza eta askoz gehiago da, baina eginkizun sozial honek ez du erreferentzialtasunik botere instituzionalean, ez du arretarik pizten. Badirudi gustuen amerikanizazioa barneraino errotu dela, eta postal batean utzi gaitu, lehenesten den kulturatik aparte: kontsumoarena. Baina aizue, hori izango bada garrantzia neurtzeko era, herri kulturak ere ekarpena egiten dio mundu profesionalari, zuzenean, eta gainera, etorkizunaren izaera marrazten duen inbertsioa da.
Ondorioa azaldu ondotik, jar gaitezen testuinguruan. Adierazitakoa da Nafarroako Dantzarien Biltzarraren egungo begirada, Nafarroako 88 dantza talde biltzen dituen federazioarena, eta begirada hori Kulturako beste sektore batzuek ere partekatzen dute. Badakigu. Nafarroako Dantzarien Biltzarrak, bataz bertze, 80 jarduera eskaintzen ditu urtero sektorea dinamizatzeko eta motibatzeko, eta gure herri eta hirietan agertzen diren adierazpenak osatzen ditu. Nahikoa motibazio dugu urteroko jarduerez haratago ere proiektu berriei ekiteko, baina aulki horri hanka bat falta zaio, erakundeen babesa eta aitortza, ez Federazioari, baizik eta, berriz diogu, Herri Kulturari oro har.
Ondare immateriala babestea Administrazioaren betebeharra da, 2030 agendan markatutako Garapen Iraunkorreko Helburuen arabera. Hau da, ez gara ezer eskatzen ari, Gobernuari eta gainerako erakunde publikoei beren betebeharrak bete ditzatela aldarrikatzen ari gara.
Gabezia hori salatzera behartuta gaude. Begira ari gatzaizkio. Hilabete honetako lehen astean bertze bi albiste gehitu zaizkio aitortzaren gainbeherari: Nafarroako Gobernuaren "Kultur" programan ez da Federazioarekin (ezta dantza tradizionalarekin ere) kontatu, eta "Viva Pamplona viva" programazioa ia itxita dago, aukerarik gabe, emaitza berarekin. Baina horren aurretik ere bada zer aipatu: ez zitzaigun deitu Nafarroako kulturari buruzko eztabaida forora, Nafarroako Gobernuaren eta Aragoiren arteko harreman berrien aurrean Kontseilaritzari eta Zuzendaritza Nagusiari egin genizkien proposamenak ez dira kontuan hartu, ez da dantza tradizionaleko ezer programatu, behin eta berriz aldarrikatu arren. Eta pandemia. Azaroaz geroztik, Kultura eta Osasunaren artean iristen ez den bilera baten zain gaude, bitartean, entseguak eta jarduerak egiteko protokoloak proposatzen eta laguntza eskatzen aritu gara, baina departamentuen arteko ping-pong partida bat izan da. Ez baikara futbola.
Ez da izango gure eginkizunak zehatz-mehatz ez betetzeagatik, proposamenak ez egiteagatik, ezta ematen diren foroetan ez parte hartzeagatik ere. Gaur egun, bulego instituzionaletan NDBren paperez betetako kajoiak egonen dira seguraski. Mingarria da.
Bertze kultur eragile batzuekin lehian jarraitu beharko dugu, momentuko dirulaguntza, istantean epea amaitzen dena baita geratzen zaigun bakarra. Gure folklorea bera da dirulaguntzaren bat eskuratzeko lehian aritu beharra duena, bertze edozein kultura arlotan bezala edo okerrago, baita bertze kultura batzuekiko ere. Eskerrak gure kulturako maitaleen masa eskerga daukagun, hurbilekoa, aspalditik praktikatzen duena eta gure poltsikoetatik ordaintzen dena.
Federazioaren izenean, eta pertsona horien guztien izenean, erakundeei dei egiten diegu beren agenda eta katalogoetan jar gaitzaten. Herri kultura hor dagoelako existitzen gara.