Areto futbola

Ribera de Navarrarekin bana berdindu zuen Aralar Mendik

Guaixe 2021ko mai. 12a, 10:35
Aralar Mendik azken txanpan berdintzea lortu zuen.

3. mailako 7. multzoko igoera fasean Aralar Mendik 5. postuan jarraitzen du eta 2. fasean Xotak 3 eta 1 galdu zuen Garbayo Chivite Cintruenigoren kontra 

Asteburuan 3. mailako areto futboleko 7. multzoko igoera faseko 8. jardunaldia jokatu zen. Uharte Arakilgo Aralar Mendik Ribera de Navarra taldea hartu zuen larunbatean Larrebietan, eta arerio zuzenen arteko partida oso lehiatua izan zen. Bi taldeek euren aukerak sortu zituzten, baina baloia ez zen kontrako atean sartu. Bigarren zatiko 35. minutuan Alberto Galindok Ribera de Navarra aurreratu zuen, baina azken minutuan Beñat Yabenek berdintzea lortu zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen partida.  

Igoera faseko sailkapenean, Anaitasunak jarraitzen du lider (15 puntu) eta Aralar Mendi 5. postuan dago, 5 punturekin. Asteburuan 9. jardunaldia jokatuko da baina atseden jardunaldia dute uharte arakildarrek. 

Xotak 2. postuan jarraitzen du
3. mailako areto futboleko 7. multzoko 2. faseko 7E multzoko txapelketan, Garbayo Chivite Cintruenigo liderrak sailkapenean 2. den Xota talde irurtzundarra hartu zuen Cintruenigon. Lidergoa bera jokoan zegoenez, partida lehiatua izan zen. 24. minutuan Sergio Muñozek Cintruenigo aurreratu zuen, eta nahiz eta Jaime Garbayok bana berdindu, azkenean liderrak irabazi zuen, 3 eta 1.

Sailkapenean Garbayo Chivite Cintruenigo taldea da lehena (13 puntu) eta Xotak 2. postuan jarraitzen du (9 puntu). Larunbatean azken jardunaldia dago jokoan eta Xotak Kirol Sport taldea hartuko du Atakondoan, larunbatean, 16:00etan.