'Ombuaren Itzala' lapurtuta

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Barriola 2021ko mai. 17a, 10:11

Azken aste honetan jakin izan dut Ombuaren Itzala lapurtua izan dela. Nola arraio lapurtu daiteke itzala? Ombua Argentinako zuhaitz ospetsu bat da. Ederra da. Eta itzal oso zabala ematen du Argentinako Pampetan zaldiz dabiltzan nekazarientzat. Ombuari itzala lapurtzen bazaio, adio atsedena Pampetan, adio Ombu zuhaitz magikoa. Hemen esplikazioa eta erreparazioa. 
Ombuaren Itzala film bat da. Oraindik egin gabe dago. Eta filma, soilik itzalaren pean hazi eta hezi daiteke. Izan ere, itzal hori, auzolanen bidez (egin gabe dagoen filma ikusteko sarrera 10 eurotan orain erosiz) egin nahi den filmaren finantziazioa da. Auzolanez bildu zen Pedro Mari Otaño bertsolari handiak behar zuen dirua Argentinara emigratzeko. Eta auzolanez egin nahi da Ombuaren Itzala filmaren finantziazioa. 
Altsasuko txoko batean, horretarako saldutako sarrerekin jasotako dirua lapurtu dute. Filma itzalik gabe geratu da. 
Erreparazioa? Lapurrak, klandestinoki behar badu ere, entrega dezala berak dakien txokoan eramandako dirua. 
Erreparazioa? Txokoak bere gain hartzea itzalaren berritzea. 
Erreparazioa? Hala nola gauden denok ados lapur handiek –diru publikoaz elikatzen diren poltsiko pribatuek, alfer hutsek, bankuek, energia enpresa erraldoiek… hitz batez txorizo izena merezi dutenek– ordain dezaten legalki edo ilegalki lapurtutakoa… modu berean itzalaren lapurreta deitoratuz, filmaren (ikusle izatetik aparte) produktore finantziarioa bihur gaitezke sarrerak 10 eurotan erosita. Interneten pellomariotañoauzolana.eus webgunean baduzue zer ikusi.