Txirrindularitza

Tropeleko emakumezko onenak Sakanatik pasako dira gaur

Guaixe 2021ko mai. 13a, 13:00
Argazkia: Movistar Team.

Emakumezkoen Nafarroako Klasikoko gaurko etapa Zudairetik aterako da, Goñitik Irurtzunera sartuko da, 18:45ak aldera, eta Zuarrarratetik Mugirora iritsiko da, Lekunberrin despeditzeko

Gaur abiatuko da Emakumezkoen Nafarroako Klasikoa, elite mailako lasterketa handia. Guztira 28 taldek parte hartuko dute, horietako batzuk UCI World Tour mailakoak, eta, hortaz, esan daiteke emakumezkoen tropeleko onena ariko dela 2 egun iraungo dituen txapelketan. Iazko garailea, Annemiek Van Vleuten, Movistar Team taldearen aurtengo fitxaketa, proba irabazteko faborito nagusia da, Van der Breggen eta Elisa Longorekin batera. 

Gaurko etapa Sakanatik pasako da. Hain zuzen ere, Zudairen hasiko da, 15:45ean, eta Goñitik barrena Sakanan sartuko da, Zuarratetik Mugiroraino heldu eta Lekunberriko helmugaraino iristeko (128,3 km). Etapa polita izango da, zalantzarik gabe. Aurreikusten da Astraindik Irurtzunera 18:45ak aldera sartuko dela, eta ondoren Zuarrarrateko igoerari ekingo diote 18:51ak aldera. 

Telebistan
Nafarroako Klasikoa zuzenean eskainiko dute Eurosport eta Discovery Channel kateek eta EITBk streaming bidez eskainiko du.