Pilota

Ezkurdia eta Zabaleta, Buruz Burukoan ariko diren ordezkari sakandarrak

Guaixe 2021ko mai. 14a, 10:00

Asteburuan hasiko da Buruz Buruko Txapelketa. Joseba Ezkurdiak Peña izango du aurkari gaur, ostirala Azkoitian, eta Zabaleta Arteagaren kontra ariko da larunbatean Labriten

Donostiako Kursaalean aurkeztu zuten, 2021eko Buruz Buruko Txapelketa. Argazkia urdina izan zen, egungo txapelduna, Erik Jakak, ezingo duelako txapela defendatu eta aurkezpenean egon ez zelako. Jakina denez, perikarditisa dauka eta jada etxean dago, osatzen. Bere zerrendaburu tokia Mikel Urrutikoetxeak hartuko du. 

Txapelketa gaur, ostirala, hasiko da, Azkoitian, eta finala ekainaren 13an Bilbon jokatuko dela aurreikusten da. Bi ordezkari sakandar izango ditugu: Joseba Ezkurdia eta berriki Binakako Txapelketa irabazi duen Jose Javier Zabaleta. 

Lau adarretan abiatuko da txapelketa. B adarrean, Ezkurdiak Peña II.a izango du aurkari gaur Azkoitian, Binakako finalista. Partida estua aurreikusten da, eta irabazleak Altuna izango du zain. C adarrean Zabaletak Arteagaren kontra jokatuko du larunbatean Labriten. Azkenaldian atzelariek oso protagonismo gutxi izan dute Buruz Burukoan, baina Zabaleta tartean egonda, edozer espero da. Irabazlea Darioren kontra aritu beharko da final laurdenetan. 

A eta D multzoko kanporaketak igandean jokatuko dira, Bilbon. A multzoan Agirreren eta Artolaren arteko norgehiagoka jokatuko da, eta irabazleak Urrutikoetxearen kontra jokatu beharko du final laurdenetan. Eta D multzoan Oinatz Bengoetxea eta Rezusta elkarren kontra ariko dira, leitzarraren azken txapelketa handia izan daitekeenean. Irabazleak Elezkano izanen du zain. 

Txapelketa, hasiera batean, publikorik gabe jokatuko da.