"Bizitzak hiltzen dituen espetxe politikatik askatasunera"

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Erdozia Anso (Etxarri Aranazko Sorturen izenean) 2021ko mai. 17a, 10:45

Maiatzaren 15ean hogeita zortzi urte beteko dira Pello Mariñelarena etxarriarra Pariseko La Santé kartzelan hil zenetik. Bi urte lehenago, Pello eta beste euskal borrokalari batzuei bere Bretainiako etxean babesa eskaintzeagatik preso zegoen Jean Groix hil zen Fresnesen. Berrogei urtetan hogei euskal preso politikoren bizitza eta beste hamasei senitarteko eta lagunen bizitzak aurretik eraman dituen espetxe politika kriminal baten adibide gordinak dira.
Azkeneko hilabete hauetan mugimendu esanguratsuak ematen ari dira espetxe politikan. Hamarnaka preso Euskal Herritik hurbilago dauden espetxeetara lekualdatu dituzte; eta kaleratzeko ibilbidea azkartzea ahalbidetzen duten presoen klasifikazioari dagokien gradu progresio bakan batzuk ere eman dira. Urrats esanguratsuak izanagatik, oraindik orain euskal preso politikoen eskubideak urratzen dituen salbuespeneko espetxe politika eraisteko urratsak baino ez dira.
Espetxeak hustea lehentasunezko erronka da bizikidetza normalizatzeko bidean. Baldintzak badaude; Euskal Herriko jendartearen adostasuna ia erabatekoa da, bidea urratzeko tresna eta bitarteko juridiko-politikoak finkatuak daude. Borondate politikoa da azkartu behar dena. Orain bururaino eraman daiteken prozesuak atzerapen gehiagorik izan ez dezan. Atzerapenak pertsonen bizitzak jartzen dituelako arriskuan. Gaur aldekoak diren baldintza politikoak bihar-etzi okerrera ere  daitezkeelako.
Larunbat honetan Etxarrin, Pello eta Jeanen heriotza eragin dituen espetxe politika salatzeko eta euskal preso politiko guztien askatasuna aldarrikatzeko ekitaldia eginen dugu.