Gobernuak errepide sarearen mantentze lanak eman nahi ditu

Guaixe 2021ko mai. 18a, 09:00
Autobian lanak egiteko egindako trafiko desbideraketa. Artxiboa.

Irurtzungo Mantentze Zentroko errepide eta autobietan 2021 eta 2025 urteen artean beharrezkoak diren lanak egiteko deialdia egin du.

Nafarroako Gobernuak Irurtzungo Mantentze Zentroko errepide sarearen zerbitzu mailari dagozkion segurtasun eta erosotasun maila mantentzeko lanen deialdia egin du. Hurrengo lau urteetan errepide sarean 23.760.330,57 euro (BEZ kanpo) inbertitzea aurreikusi du. Lanak bi lotetan banatu ditu, errepidean egin beharrekoak batetik eta autobietako lanak bestetik. Foru administraziotik gaztigatu dutenez, enpresa berak ezin izanen ditu bi lanak eskuratu. Lanak 2021eko lastailaren 1etik 2025eko azaroaren 30era arteko epea hartuko dute. Eskabideak garagartzaroaren 8ko gauerdira arte aurkeztu daitezke.

Lehenengo lotean Irurtzungo Mantentze Zentroko errepideak daude. Gaitasun handikoak ez diren errepideen mantentze eta hobekuntza lanak egiteko kontratua 12.396.694,21 eurokoa da (BEZ kanpo). Kontratua eskuratzen duen enpresak aurten 600.000 euroko balioa duten lanak eginen lituzke eta 2022tik 2025era urtero 3,6 milioi eurokoak. Bigarren lotea, berriz, Leitzarango Autobia (A-15), Sakanako Autobia (A-10) eta Iparraldeko Autobia (A-1) hartzen ditu eta haren balioa 11.363.636,36 eurokoa da (BEZ kanpo). Enpresa hartzaileak aurten 550.000 euroko balioko lanak eginen lituzke hiru autobietan eta 2022tik 2025era urtero 3,3 milioi eurokoak.