Autobian bidesariak jartzeko ideiak aurrera segitzen du

Guaixe 2021ko mai. 19a, 09:34

Iparraldeko Autobia (A-1). Artxiboa.

Nafarroako gobernuak gogorarazi du horretarako eskumena duela.

Espainiako Gobernua estatuko autobia guztietan bidesariak jartzeko aukera aztertzen ari dela jakinarazi da. Horren aurrean Nafarroako Gobernuak jakinarazi du Foru Araubidearen arabera, errepideen arloko eskumen esklusiboa duela. Beraz, Nafarroako Errepideen Katalogoan integratuta dauden bere titulartasuneko errepideak proiektatu, eraiki, finantzatu eta ustiatzeko eskumena du. Geroz, Espainiako Gobernuak arlo horretan hartuko lukeen erabakiak ez luke foru erkidegoan eraginik izanen. 

Jakina denez, Nafarroako Gobernuak herrialdeko bost autobideetan jarri nahi ditu bide sariak, tartean ibarreko hiruretan: Leitzarango Autobia (A-15), Sakanako Autobia (A-10) eta Iparraldeko Autobia (A-1). Nafarroako Gobernuak eta PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra parlamentuko taldeek aurreakordioa dute: enpresa publiko bat sortuko dute, ibilgailu astunen bidesariak kudeatzeko eta ezartzeko. Lurralde Kohesio Departamentuaren proposamena Europako Batzordearen 2004/35/EE Zuzentarauko “erabiltzen duenak ordaindu egiten du” eta “kutsatzen duenak ordaindu egiten du” printzipioetan oinarritzen da. Nafarrioako Gobernutik gaineratu dutenez, ibilgailu astunek dute eragin handiena errepideen narriaduran eta kutsaduran.