Efesoko Ama Birjina Sakanan

Guaixe 2021ko mai. 17a, 12:51

Ama Birjinaren irudia Bardeetan. Argazkia: www.madreven.es

Zaragozako Pilarretik eta Santiago de Compostela lotuko duen erromesaldia larunbatean iritsi zen Irurtzunera eta etzi aterako Lizarrustitik.

Erromesak bideko etapak oinez egiten ari dira. Ama Birjinaren irudia moldatutako auto txiki elektriko batean eramaten ari dira. Segizioa hala abiatuko da Iruñetik larunbatean Irurtzunera iristeko. “Jendetza handirik ezin denez izan, 10-20 lagun berarekin joatea, aurretik eta atzetik. Horrela, pandemiarengatik ez du inolako arriskurik”. Mikel Garziandia Goñi Aralarko santutegiko kaperauaren azalpenak dira. 

Garziandiak argitu duenez, “batzuen ekimena izan da, Ama Birjinaren irudi bat Efesora eraman zuten. Efeso da Andra Maria azken urteetan Joan apostoluarekin bizi izan zen herria. Ama Birjinaren etxera joan ziren, irudi bedeinkatu zuten. Zaragozako Pilarretik abiatu ziren irudiarekin Santiago de Compostelaraino oinez joateko”. 

Erromesaldiak Ama, zatoz leloa du. Gartziandiak azaldu duenez, “jende asko ezin denez mugitu, ideia da ama birjinaren irudia gure herrietara, ibarretara eraman ahal izatea da. Jendeak ongi etorria eginen dio. Gure ideia da Irurtzundik hasi eta Lizarrustiraino sakandarrek aukera izatea ama birjinari ongi etorria emateko, horregatik leloa”. 

Ibilbidea

  • Maiatzak 15, larunbata. Iruñea-Irurtzun

    10:30ean Iruñeko katedrala. Meza nagusia eta irteera.

    17:00etan Irurtzungo Tourseko San Martin parrokian harrera, kantuak, olerkiak eta lore eskaintza.


  • Maiatzak 16, igandea. Irurtzun-Zamartze monasterioa
    
12:00etan Irurtzungo Tourseko San Martin parrokian meza.

    13:00etan Agur ekitaldia eta irteera.

    14:00etan Itxasperriko Santiago ermitan bazkaltzeko geldialdia.

    15:00etan Erromesaldia berriro martxan.
    
17:00etan Zamartzeko Santa Maria ermitan otoitz giroa sortzeko harrera ekitaldia, Etxarri Aranazko musikariak, saindua gurtzea eta bezperak. 


  • Maiatzak 17, astelehena. Zamartzetik Aralarko santutegira.

    12:00etan Zamartzeko Santa Maria ermitan meza.

    14:00etan Agur ekitaldia eta irteera.
    
17:00etan Aralarko santutegian harrera eta otoitz bijilia. Via lucis edo argiaren bidea, bere ideia eta erlijioagatik jazarriak diren pertsonen alde otoitz eginen dute. 


  • Maiatzak 18, asteartea. Aralarko santutegia-Etxarri Aranatz.

    11:00etan Aralarko santutegian meza eta agurra.

    14:30ean Zamartzeko Santa Maria ermitan bazkaltzeko geldialdia.

    16:00etan Martxari berrekinen zaio.

    19:00etan Etxarri Aranazko Andra Mari ermitaren kanpoko aldean (eguraldiak laguntzen badu) harrera, olerkiak, otoitza eta abesbatza musika.


  • Maiatzak 19, asteazkena. Etxarri Aranatz-Lizarrusti-Ordizia.

    11:00etan Etxarri Aranazko elizan meza, Juan Aznarez gotzain laguntzailea buru dela, eta agurra
.
    12:00etan Irteera.

    15:30ean Lizarrusti gaina. Irudiaren agurra Nafarroari.