Pilota

Ezkurdia eta Zabaleta, Buruz Buruko final laurdenetara bide azkarretik

Guaixe 2021ko mai. 17a, 10:32

Bi pilotari sakandarrek nagusitasun handiz irabazi zituzten final zortzirenetako partidak

Buruz Buruko final zortzirenak jokatu dira asteburu honetan eta pilotari sakandarrak ikusgarri aritu dira. Ostiralean, Ezkurdiak Peña II.a izan zuen aurkari Azkoitian eta arbizuarrak tolosarrari ez zion batere aukerarik eman, 22 eta 6 gailendu baitzitzaion ordu erdi ere iraun ez zuen partida azkarrean. Ezkurdia zen faboritoa, eta ez zuen huts egin. Sakez 8 tanto egin zituen, berehala hautsi zuen lehia eta apenas piloteorik izan ez zuen partidan –soilik 96 pilotakada gurutzatu ziren– final laurdenetako txartela lortu zuen arbizuarrak. 

Bestalde, Zabaletak Buruz Burukoan Binakakoan bezain ongi aritzen dela erakutsi zuen larunbatean Labriten. Bi tantotan utzi zuen Arteaga, etxarrendarraren beste erakustaldi batean. Hankan oinazeak zituela eta, Zabaleta aldageletara sartu eta Txema Urrutia medikuak hanka bendatu egin behar izan zion, baina hori ez zen aitzakia izan eta partida bikaina egin zuen Etxarrengoak. Sakez 9 tanto egin zituen eta 107 pilotakada eta 39 minuturen ostean sailkatu zen final laurdenetarako, Arteagaren gainetik pasa eta gero. Jo zituen pilotakadak izugarriak izan ziren.

Beraz, bi sakandarrek aurrera egin dute eta final laurdenetarako sailkatu dira. Ezkurdiak Altuna izango du aurkari larunbatean Donostiako Atano III.ean –aurreko urteko final laurdena errepikatuko da, beraz–, eta Zabaletak Darioren kontra jokatuko du egun eta toki berean.